Jardiñetako 29, 31, 33 eta 35 zenbakien irisgarritasunaren inguruko proiektua abian jartzeko azken urratsak ematen ari da Udala
Proiektuko bi igogailuetako lehenarekin hasiko dira obrak, aipatutako pegoretarako sarbidea errazteko; hala, hobetu egingo da gune honetako bizilagunen mugikortasuna. Lehen igogailu hau, milioi bat euro inguruko kostua duena, auzoan egin den aparkalekua hobetzeko obrari gehitu behar zaio. Lan hauek alkateak auzo hau hobetzeko egin duen apustuaren adibide dira.
Eibarko Udala azken urratsak ematen ari da Jardiñetako 29, 31, 33. eta 35 zenbakien irisgarritasuna hobetzeko proiektua abian jartzeko. Zehazki, proiektuan aurreikusten diren bi igogailuetako lehenarekin hasiko dira lanak. Denbora luzean zain egon ondoren, igogailua izango dute auzoko bizilagunek; jarduketa hau mugarria izango da inguruko irisgarritasunari begira.
Udal gobernua lanean ari da hasierako lan honek inguruko etxebizitzaren baten eragingo dituen kalteei aurre egiteko, eta horregatik atzeratzen ari da obraren lizitazio-prozesua.
Proiektuak, 2025eko udal-aurrekontuen barruan sartuta dagoneak, 33 eta 35 pegorei emango die zerbitzua, eta Udalak herriko auzoak hobetzeko duen konpromisoaren barruan kokatzen da.
Gaur egun, 29-31 blokeak ibilgailuen sarbide zuzena du aparkaleku txiki batetik. Puntu horretatik ere irits daiteke 33-35 blokera eskailera batzuetatik, zeinek bi blokeen artean dagoen 7,70 m-ko kota-aldea gainditzen duten. 33-35 blokeak, bestalde, ez du ibilgailuentzako sarbiderik, eta eskaileretatik bakarrik joan daiteke bertara.
Proiektua, Eibarko irisgarritasunaren hobekuntza-planaren barruan kokatua, Injelan enpresak idatzi du. Esan bezala, soluzioak bi igogailu aurreikusten ditu, bakoitza bloke baten parean, bata bestearekin eta Jardiñetarekin lotuak. Igogailuek gaindituko dituzten altuerak 10,25 m-koak izango dira beheko igogailurako eta 7,50 m-koak goiko igogailurako, eta 630 k-ko ahalmena edukiko dute (8 pertsona).
Bai oinezkoentzako bideak bai igogailuak hormaren kontra geratuko dira, ingurunearekin bat eginez eta inpaktua gutxituz.
Zentzu horretan, Jon Iraola Eibarko alkateak aurreratu du udal gobernuaren asmoa dela bigarren igogailua lehenengoa amaitutakoan egitea, eta horrela Jardiñetako etxebizitza-multzoaren lotura bertikala osatzea. “Bloke guztiek irisgarritasun-aukera berberak izan ditzaten nahi dugu. Proiektu hau auzo batekoa ez ezik, herri mailakoa ere bada”.
Jardiñetako orografia konplexua, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbidea zailtzen duten malda nabarmenekin, erronka nagusienetako bat izan da urteetan zehar bertako auzokideentzat. Egun, aipatu dugun bezala, 33-35 blokeek ez dute zuzeneko ibilgailu-sarbiderik eta eskaileren eta oinezkoentzako bideen mende daude.
Hori dela-eta, proiektuak makinentzako eta langileentzako behin-behineko sarbide bat gaitzea aurreikusten du, 29-31 blokeen iparraldean dagoen aparkalekutik abiatu eta Jardiñetako 15 zenbakiko eraikinaren atzealderaino iritsiko dena.
Bestalde, Pedro Escribano Obrak Saileko zinegotziak proiektuaren alderdi teknikoen berri eman du. “Obra lizitatu ahal izateko azken urrats administratiboak eta teknikoak ixten ari gara. Izan ere, obrak kalteak eragiten ditu lehenengo igogailuaren inguruko etxebizitzaren batean, eta hori konpondu arte ezin dira proiektua lizitatzeko izapideak martxan jarri. Ondorioz, lanak 2026an zehar hastea aurreikusten dugu. Lehen igogailu honek esku-hartze zabalago baten hasiera baino ez da izango, ondoren, 29-31 pegorei mesede egingo dien bigarren fasea etorriko baita”.
Azkenik, alkateak azpimarratu nahi izan du gure herriko auzoekin duen konpromiso sendoa. “Auzoekiko dudan konpromisoa argia da. Jardiñetaren kasuan, lehen igogailu hau jartzeak nabarmen hobetuko du auzoko bizilagun askoren etxebizitzen irisgarritasuna. Hau guzti hau egin berri diren aparkalekuaren handitze- eta hobekuntza-lanei gehitu behar zaie, zeinek argi uzten duten dugun konpromisoa, batetik, eibartarren eskaerei erantzuteko, eta, bestetik, denontzako herri inklusiboago eta erosoago sortzeko.
Proiektuak milioi bat euro inguruko aurrekontua du eta 8 hilabeteko egikaritze-epea.