Eibarko Udala
tokiko kontsumoa

Azaroaren 22an “Azokatik Mahaira” sukaldaritza-tailerra egingo da Eibarren, tokiko eta garaiko kontsumoa sustatze aldera

2025/11/18
Kartela.

Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpurua nutrizionistak emango dute tailerra. Errebalgo Merkatu Plazan izango da 11:00etatik aurrera, eta herritar guztientzat egongo da irekia.

Gipuzkoako Azoken Sareak, Eibarko Udalarekin elkarlanean, “Azokatik Mahaira” sukaldaritza-tailerra antolatu du azaroaren 22rako, Errebalgo Merkatu Plazan.

Tailerra, Gipuzkoako 11 azokatan egingo dena, Anne Otegi sukaldariak —Bergarako Elikaenea proiektuko kide— eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak —Azpeitiko Eliku zentroko arduraduna— bideratuko dute, eta herritar guztientzat egongo da irekia.  11:00etan hasi eta ordu eta erdi inguru iraungo du. 

Saioan zehar Errebaleko azokan erositako bertako eta garaiko produktuez osatutako errezeta bat prestatuko da,  eta azkar eta eroso egiteko moduko errezetak egiten ikasiko da. Horretarako, egunerokoan kontsumitzen diren  osagaiak eta errezetak prestatzeko modu berriak proposatuko dira. Elikadura osasuntsuaren garrantziaz ere hitz egingo da, eta hainbat produkturen nutrizio-ezaugarrien berri emango da.

Saioaren amaieran, tailerrean egindako errezetak dastatzeaz gain, beste udalerri batzuetan prestatutako errezetak banatuko dira eta egunerokoan elikatzeko eta errezetak prestatzeko aholkuak ere emango dira.

Gipuzkoako Azoken Sarearekin lankidetzan antolatutako jarduera honen bitartez, Udalak  balioan jarri nahi ditu bai Errebal merkatua eta baita  baserritarren lana ere, bertako eta garaiko produktuen kontsumoa bultzatuz.

Bestalde, tailerrak elikagaiak hobeto aprobetxatzeko ideiak eskainiko ditu, elikagairik alperrik xahutu ez dadin, hori baita Udalak 2023an onartutako Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planean (KEJEP) zehaztutako helburuetako bat. Bide beretik, azpimarratzekoa da Udalak Rexcatering Sarean duen parte-hartzea, zeinaren bidez jangela kolektiboetan berreskuratutako elikagaiak doan jartzen diren herritarren eskura, horretarako jarritako vending makinetan.