Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nazioarteko Ploneconf 2023 konferentzia Eibarren egingo da

PLONECONF 2023 Nazioarteko Konferentziaren 20. edizioa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

PLONECONF 2023 Nazioarteko Konferentziaren 20. edizioa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2023/09/28

CodeSyntax Eibarko enpresak Udalaren lankidetzarekin antolatua, ekimenak mundu osotik etorritako 200 bat aditu elkartuko ditu. Markeskuan eta Coliseo antzokian izango dira ekitaldiak, urriaren 2tik 8ra bitartean, eta, besteak beste, formazioko eta garapen teknologikoko saioak eta hitzaldiak izango dira.

PLONECONF 2023 Nazioarteko Konferentziaren 20. edizioa Eibarren egingo da aurten, urriaren 2tik 8ra. Ekimenak 220 aditu inguru eta 25 herrialdetako erabiltzaileak (Alemania, Frantzia, Kanada, AEB, Brasil, Mexiko, Argentina, Italia, Belgika, Herbehereak, Japonia, India, Hego Afrika…)  bilduko ditu herrian eta bete horrenbestek online bidez parte hartuko dute. Ekimena Eibarko CodeSyntax enpresak eta Plone Foundation-ek antolatu dute, Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta SPRIren lankidetzarekin.

Konferentzia teknologikoa urtero ospatzen da 2014az geroztik eta profesionalek eta enpresek parte hartzen dute. Tokio, Bukarest, Boston edo Bristol dira ekimen honen aurreko edizioak hartu dituzten hirietako batzuk. Ekimena gaur goizean aurkeztu dute Udalean Jon Iraola alkateak, Iñigo Garcia Foru Aldundiko Turismo zuzendariak eta Mikel Larreategi eta Lur Ibargutxi CodeSyntax enpresaren ordezkariek. Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Ekimen hau Eibarren arlo teknologikoak duen garrantziaren beste adierazgarri bat da. Kongresua aukera bat da gure herriarentzat, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko. Dudarik gabe, munduko hainbat herrialdetako aditu eta bisitariak gure herrira etortzea egokiera ezin hobea da horretarako". Bestalde, Iñigo García Turismoko zuzendariak nabarmendu nahi izan du "ekitaldi honek garrantzi handia duela Gipuzkoa osoak MICE turismo-helmuga gisa eskaintzen dituen aukeren adibide gisa. Horregatik, Turismo Zuzendaritzak konpromisoa eta konpromisoa du Plone Conference bezalako kongresuak garatzeko. Berri bikaina da gure lurraldean horrelako ekitaldi bat izatea ".

Plone zera da: edukien gestiorako software libreko sistema bat da, egokia edozein web-ingurutan erabiltzeko: atarietan, webgune korporatiboetan edo onlineko merkataritzan.

Ekimenaren egitaraua

Konferentzian formazio-saioak, hitzaldiak eta garapen teknologikoko sprintak egingo dira Markeskua jauregian (Udako Euskal Unibertsitateko egoitza) eta Coliseo antzokian.  Markeskuak training-programa hartuko du urriaren 2an eta 3an; 8 orduko 4 track-ak izango dira egunero. Formazio-saio horiek nazioarteko hamaika profesional adituk emango dituzte. Hitzaldiak —era askotako 45 hitzaldi— urriaren 4an, 5ean eta 6an izango dira Coliseo antzokian eta, besteak beste, Olatz Pérez de Viñasprek eta Tekniker Fundazioak hartuko dute parte. Garapen teknologiko sprinten programa urriaren 7an eta 8an izango da Markeskua jauregian eta berrogei garatzailek eta adituk hartuko dute parte.

Saio batzuk streaming bidez jarraitu ahal izango dira eta bideoan grabatuko dira gero Plone Foundation-eko youtube-kanalera igotzeko.  

Irekiera-ekitaldia urriaren 4an izango da Coliseo antzokian. Bertan hartuko dute parte Jon Iraola Eibarko alkateak, Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak. PLONECONF-eko parte-hartzaileek, gainera, hainbat ekitaldi sozial ere egin ahal izango dituzte —Eibarko Udalaren, Debegesaren eta Geoparkearen lankidetzarekin antolatuak—. Hala, herria eta inguruak hobeto ezagutzeko aukera izango dute Armagintzaren Museoa eta Euskal Kostaldeko Geoparkea bisitatuz. Azkenik, Udalak Errebal Plaza lagako die afari informal bat egiteko.

etiketak: #plone, #ploneconf2023