Mugikortasun Jasangarriaren Sailak irekiko du Eibarren Estaziño eta Azitain arteko trenbidea estaltzearen ondorioz sortutako espazio publiko berria
Euskal Trenbide Sarea eta Eibarko Udala akordio batera iritsi dira pasealekuaren paisaia- eta ingurumen-integrazioko obren exekuzioa eta zuzendaritza kofinantzatzeko.
Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saileko sailburuak gaur Eibarren iragarri duenaren arabera, asteazken honetan bertan irekiko da herritarrentzat Estaziño eta Azitain arteko tartean trenbidearen trazadura estaltzearen ondorioz sortutako espazio berria. Trenbidearen gainean sortutako plataformara iristeko —1.000 metrotik gorako luzera eta batez beste 10 metroko zabalera du—, hainbat eskailera-tarte eta pasealekuan zehar kokatutako hiru igogailu erabili ahal izango dira.
Garcia Chueca sailburuak eta Jon Iraola alkateak gaur goizean egin dute ibilbidea, besteak beste, Euskal trenbide Sareko (ETS) zuzendari nagusi Antonio Lopezekin batera.
Bisitan zehar, Garcia Chuecak adierazi du ETS eta Eibarko Udala akordio batera iritsi direla Estaziño eta Azitain geltokien arteko tarteko estalduraren paisaia- eta ingurumen-integrazioko obren exekuzioa eta zuzendaritza kofinantzatzeko.
ETS arduratuko da 686.531,07 euroko kostua duten obra guztien lizitazioaz, kontratazioaz, egikaritzeaz, zuzendaritzaz eta finantzaketaz. Eibarko Udalak, bestalde, bere gain hartuko du, besteak beste, eraikuntza-proiektua idatzi eta onartzea. Proiektuak, bihar jendearentzat irekiko den —hiri-altzaririk gabe— tartearen paisaia- eta ingurumen-integrazioari buruz hartutako soluzioaren garapen osoa ezarriko du.
Susana Chueca sailburuaren hitzetan, “erakundeen arteko lankidetzan sakontzeak hobekuntza dakar, kasu honetan Eibarrentzat. Obra zibila amaituta, obra zaila izan dena trenbide-zerbitzua moztu gabe egin delako, orain pasealekua janztea dagokigu. Gure ustez, jarduera honek Eibarri eta bertako jendeari kalitatezko lorategi-espazio berri bat eta hiriko azpiegitura berdea handitzeko aukera emango die".
Jon Iraolak azpimarratu duenez, “eibartarrek nahi zuten proiektu bat da hau, orain arte trenbideak mugatutako eremu bat pasealeku zabal eta irisgarri bihurtzen duena. Espazio berriak auzoen arteko lotura berreskuratu ez ezik, oinezkoen mugikortasuna ere hobetzen du, eta ibilbide atsegin batez gozatzea ahalbidetuko du. Berdeguneak aurrerako jarriko dira, baina pasealekua irekitzeak berak dagoeneko inguru irekiago eta lotuago bat eskainiko du. Proiektu honek erakusten du planifikazioarekin, erakundeen arteko lankidetzarekin eta etorkizunera begirako ikuspegiarekin Eibarren bizi eta lan egiten duten pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzen duten azpiegiturak sor ditzakegula”.
Proiektuaren deskribapena
Matsaria kalearen gaineko zatia eta Eibarko eta Azitaingo tren-geltokiaren arteko bide bikoitzeko plataforma elektrifikatuaren gaineko zatia estaltzeko proiektua amaitu da. Horrela, oinezkoek N-634 errepideko saihesbidearen zubiarekin bat egin ahal izango dute Azitain parean, eta pasealeku eta bidegorri berriak sortuko dira.
Estaldura hasiera 145 metroko pasabide-zati batekin hasten da, egungo Matsaria kalearen gainean dagoen Eibarko tren-geltokiarekiko paraleloan. Gerora, 30,5 metro luze den in situ horma batean bermatutako plataforma-zati batera igarotzen da, eta, azkenik, estalkia 17 metroko tarte batera pasatzen da, profilez osatutako metalezko egitura duena.
Jarraian, Estazinoko N-634 saihesbidearen sarbidearen eta Azitain auzoko N-634 saihesbidearen arteko bidegurutzearen arteko bide bikoitzaren gainetik jarraitzen da, 940 metro inguruko metalezko egitura baten gainean, Azitaingo geltokia igaro ondoren.
EBko NExt Generation funtsak
Estaldura Next Generation EU funtsekin finantzatu da, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez, eta Mugikortasun Jasangarriko Departamentuaren eta Eibarko Udalaren arteko hitzarmena du, trenbidea udalerrian hirigintzan integratzeko adibide argi gisa. Izan ere, badaude Eibarren antzerako ezaugarriak dituzten beste bi proiektu ere. 2011ren hasieran, Ardantza geltokia eta trazaduraren zati bat estali ziren. 200 m baino zertxobait gehiagoko luzera du, 2.258 m²-ko azalera betetzen dutenak. Lau urte geroago Amaña Ardantza tartea ireki zen herritarrentzat, 650 m-ko luzera eta 8.500 metro koadrorekin.
Proiektua PSE-EEren eta EH-Bilduren arteko akordio baten ondorioz sortu da hiriko ekialdea hobetzeko.

