Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearen beste edizio bat egingo da Eibarren irailaren 16tik 22ra

Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearen logotipoa.

Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearen logotipoa.

2023/09/07

Hainbat jarduera programatu dira, besteak beste, bizikleten bigarren eskuko azoka. Gaurtik aurrera irekiko da jardueretan parte hartzeko epea.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du aurten ere, irailean zehar egingo diren hainbat jarduerekin. Ekimen honen bidez, eibartarrak sentsibilizatu nahi dira garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak osasun publikoan eta ingurumenean dituen onurei buruz, bereziki garraio publikoa eta bizikleta erabiltzearen eta oinez ibiltzearen garrantzia azpimarratuz.

Energia-eraginkortasuna gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da energiaren kostuen hazkundearen ondorioz, horrek pertsonen eros-ahalmena jaistea eta enpresen lehiakortasuna galtzea eragiten baitu. Krisi klimatikoa eta Ukrainaren inbasioa direla-eta, behartuta gaude energia-iturri jasangarriak aldatzera petrolioarekiko mendekotasuna murrizteko, eta, era berean, 2050erako karbonoan neutroa izango den Europa baterantz jotzeko.

Horrela, Udal honek, beste behin, Eibarko herritarrak mobilizatzeko hitzordu honen alde egiten du, mugikortasun jasangarria sustatzeko, garraio aktiboa bultzatzeko, eta Eibar jasangarriago bat sortzeko. Energia-kontsumoa murrizteko ekintza kolektiboak eragin positiboa izan du erregaien erreserbetan eta prezioetan, baina oraindik asko dago egiteko. Modu ezberdinak topatu behar ditugu gure mugikortasun-ohiturek ekimen kolektibo horietan lagunduko dutela bermatzeko. Ibilgailu konbentzionala erabiltzea da atmosferara igortzen diren CO2 isuriei gehien eragiten dien faktoreetako bat, eta, ondorioz, klima-aldaketaren azelerazioa gehien bultzatzen duen iturrietako bat. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da jasaten ditugun ingurumen-arazoez jabetzea eta mugikortasun jasangarrian pizgarri bat aurkitzea osasuntsu egoteko eta guztiontzako ingurune osasungarriagoa lortzeko.

Irailaren 16an (larunbata) emango zaio hasiera Mugikortasunaren Asteari bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azokarekin.  Untzaga plazan izango da 10:00etik 14:00etara. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea www.merkabi.eus/eibar estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da.

Bai bizikletak bai bestelako objektuak (mugikortasun jasangarriarekin lotuak, hala nola patineteak, kaskoak, eta abar) erabiliak izan behar dira eta egoera onean egon; gordailuan lagako dira aurretik hitzartutako orduan. Objektuen kasuan, hiru onartuko dira gehienez ere.

Azoka amaituta, salmentaren zenbatekoa entregatuko da, edo, bestela, lagatako objektua itzuli egingo da. Era berean, azpimarratu behar da ez dela onartuko 500 eurotik gorako preziorik; parte hartzeko adinez nagusia izan behar da eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira.  

Bestalde, goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpontzeko tailer bat ere egongo da Eibarko Klub Deportiboaren eskutik, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren.

Era berean, arratsaldean, Eibarko Klub Deportiboak bide-hezkuntzako haurrentzako zirkuitu bat eta ginkana bat antolatuko ditu Untzaga plazan (euria egiten badu Astelena pilotalekuan izango da). Jarduera hauek 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango dira. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bizikleta edota patinetea eramatea. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Irailaren 19an eta 21ean (asteartea eta osteguna) “Martxa Nordikoaren hastapeneko ikastaroa” egingo da. Bi talde osatuko dira, bata goizez, 11:00etatik 12:30era, eta, beste bat arratsaldez, 18:30etik 20:00etara.  Bi saioak Legarreko Frontoian egingo dira. Jarduera egin ahal izateko, talde bakoitzean 6 lagun egongo dira gutxienez, eta 20 gehienez. Izena emateko epea zabalik dago eta hilaren 14an amaituko da, egun hori barne.

Hurrengo jarduera, ‘Ibilaldi osasuntsua’, irailaren 22an egingo da, eta anbulatorioko plazatxotik (Toribio Etxebarria) irtengo da 10:00ean.  Paseo bat emango da oinez, eta gero hamaiketako osasuntsu bat eta ariketa terapeutikoak egingo dira. Aurten proposatu den ibilaldia hauxe da: Anbulatorioa – Unibertsitatea – Azitain – Anbulatorioa, 7 bat kilometro guztira. Ibilaldia egiteko gutxienez 6 pertsonak eman beharko dute izena eta gehienez ere 30ek. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 20ra arte, egun hori barne.

Azkenik, irailaren 22an, ‘Autorik Gabeko Eguna’ egingo da; horretarako, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibarko herri barruko autobus-zerbitzua (Udalbus) doan izango da.

Adierazi den bezala, Mugikortasunaren Asteko jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea.  Horretarako, bigarren eskuko azokarako izan ezik —zeinetarako goian aipatutako telefono-zenbakiaren edo helbide elektronikoaren bidez jarri beharko baita harremanetan—, interesdunek 943 70 84 08 telefonora deitu beharko dute, edo hurrengo formularioaren bete (euskaraz: https://formularioak.eibar.eus/eu/mea2023jarduerak/ eta erderazhttps://formularioak.eibar.eus/es/mea2023jarduerak/). Aldez aurretik izena eman beharreko jardueretan, onarpenaren baieztapena jaso beharko da. 

Kanpaina honen antolaketa Eibarko Udalak urtarrilaren 30ean onartutako 2022-2030 aldirako Klimarako eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren (PACES) neurrien barruan kokatzen da. Plan horretan, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko hainbat neurri eta jarduera-ildo ezartzen dira.