Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Mogidu", jarduera fisikoa sustatzeko Eibarko tokiko ekimena abian da

"Mogidu", jarduera fisikoa sustatzeko Eibarko tokiko ekimena abian da

"Mogidu" ekimenaren aurkezpena.

2018/11/15

Jarduera fisikoa areagotzeko eta sedentarismoa murrizteko ekimenak bateratzen dira, pertsona inaktiboak aktibo bihurtzeko neurriei lehentasuna emanez. Eibarren, azaroaren 20an hasiko dira eskaintzen doako orientazio-zerbitzua, Toribio Etxeberriako anbulatorioan. Bertan, arreta emango die pertsonei, hala nahi badute, ingurunean erabilgarri dauden baliabideak ezagutzen dituen aditu batek eta beren egoera fisikoa hobetzen lagunduko die.

"Mogidu" egitasmoaren aurkezpena hartu du gaur osteguna, azaroak 15, Eibarko Udalak. Gizarte aktiboa lortzea da helburua eta jarduera fisikoa areagotzeko eta sedentarismoa murrizteko ekimenak bateratzen ditu, pertsona inaktiboak aktibo bihurtzeko neurriei lehentasuna emanez. Miguel de los Toyos Alkateak, Arantxa Uranga Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko teknikariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol saileko ordezkariek eta Iker Etxeberria Mugiment programaren Idazkari Teknikoak hartu dute parte prentsaurrekoan.

Euskadi mailan, berriz, ekimenaren izena "Mugiment" da. Mugiment programa jarduera fisikoaren sustatzaileek parte hartzeko proiektu ireki gisa planteatzen da; hasieran Eusko Jaurlaritzak ekin zion sustatzaile gisa eta, orain, aldundiek, udalek eta zenbait eremutako beste eragile batzuek –osasuna, hezkuntza, industria edo turismoa– ere lan egiten dute horren baitan. Eibarko alkate Miguel de los Toyosek adierazi duenez, "bi alderdi jarri behar dira balioan: alde batetik, aldatzen ari diren kirol politikak eta egungo errealitatera egokitzen doazenak, eta, bestetik, erakundeen arteko lankidetza".

Doako orientazio-zerbitzua Eibarren

Proiektu horretako ardatzetako bat jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzuak dira, udal-mailan sedentarismoaren aurka borrokatzeko eta euskal gizarte aktiboagoa sustatzeko lan egiten dutenak. Lehenenik eta behin, udalerrietako osasun-zerbitzuak (funtsean anbulatorioak) eta, kasu batzuetan, gizarte-zerbitzuak eta hezkuntza-zentroak pertsona inaktiboak identifikatzeaz eta orientazio-zerbitzuetara bideratzeaz arduratzen dira. Horren ostean, pertsona horiei arreta emango die, hala nahi badute, ingurunean erabilgarri dauden baliabideak ezagutzen dituen aditu batek. Bigarren hitzordu batean, hobekuntza plan bat zehaztuko da pertsona bakoitzarentzat eta, amaitzeko, planaren jarraipena egingo da. Eibarren, azaroaren 20an hasiko dira eskaintzen doako orientazio-zerbitzua, Toribio Etxeberriako anbulatorioan.

Zerbitzu hori osasun-arazoak dituzten pertsonei bideratuta dago, batik bat, baina herritar orok jo ahalko du bertara, eta bazterketa arriskuan dauden pertsonak integratzeko oso baliagarria izan daiteke.

Mugiment sareak

Mugiment programako beste ardatzetako bat jarduera fisikoa sustatzeko sareak dira. Sare horiek toki-mailan funtzionatzen dute, koordinatuta diharduten hiru mailatan: talde sustatzailea, talde zabaldua eta, azkenik, herritarrak. Talde sustatzaileak udala buru dela dihardu, eta hainbat eremutako profesionalek eratzen dute. Talde zabaldua kirol-eragileek, osasun-eremuko eragileek, gizarte-zerbitzuetako langileek eta hezkuntza- edo berdintasun-eremuko eragileek eratzen dute. Herritarrak proiektuaren protagonista dira, eta Mugiment sareko ekimen guztiak herritar aktiboak izatera bideratzen dira.

Sareen bidez, udalerrian jarduera fisikoa sustatzeko eta pertsona inaktiboei inaktibo izateari uzten laguntzeko ekimenak sortu daitezke. Sare horien bitartez erantzuna eman nahi zaie herritarren premia, interes eta lehentasunei, beren iritziak kontuan hartuta, bai eta zenbait mailatan parte hartzen duten eragileenak ere.

etiketak: Mugiment, Mogidu, Eibar, Euskadi