Eibarko Udala

MMA eta K1 borroka martzialen “Thermopylae” ekitaldia egingo da Eibarren, ikuskizuna, balioak eta talentua uztartuz

2025/04/24
Ekitaldiaren kartela.
Ekitaldiaren kartela.

Astelena frontoian 1.000 pertsona sartu ahal izango dira, kategoria ezberdinetako eta maila handiko borrokak ikusteko. Ekitaldiak emakumeen aldeko apustua egiten du; herriko borrokalariek ere parte hartuko dute.

Datorren apirilaren 26an, Astelena frontoia emozioaren eta teknikaren erdigune bihurtuko da arte martzialen "Thermopylae" ekitaldiarekin. Bertan hainbat diziplina ikusi ahal izango dira, hala nola MMA arte martzial mistoak (hainbat arte martzialetako teknikak konbinatzen dituen diziplina) eta K1 (kickboxing modalitate bat, ekintza eta ikuskizuna ahalbidetzeko arau espezifikoak dituena).

Topinburu-Inda Team, SA Fight Company eta Sakura Team klubek antolatuta, 1.000 pertsona inguru bertaratzea espero da.

Ikuskizunaren izenak Termopilen borroka historikoa gogorarazten du eta gorazarre egiten dio borrokalarien adoreari, erabakitasunari eta bere burua gainditzeko gogoari.

“Thermopylae” plataforma bat izango da, borrokalariek, bai profesionalek bai sortzen ari diren talentuek, pisu-kategoria eta maila desberdinetako borroketan tatamiaren gainean duten balioa erakuts dezaten.

Jon Iraola Eibarko alkateak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu nahi izan du:“Halako ekimenek, kirola sustatzeaz gain, Eibar hiri bizi gisa proiektatu eta hiriaren gaitasuna erakusten dute goi mailako eta eragin sozial eta ekonomiko handiko ekimenak hartzeko. Poztu egiten gaitu bereziki lehiaketan hainbat eibartarrek parte hartzeak.

Izan ere, hamar bat parte-hartzaile Eibarko klubetakoak dira edo herrian bizi dira, eta horrek, zalantzarik gabe, jendearen artean are interes handiagoa piztuko du.

Andoni Ameztoy Kiroletako zinegotziak kirol-aniztasunean Udalak duen konpromisoa azpimarratu du: “Udalak apustu irmoa egiten du kirol inklusiboaren alde. Ekimen honek ikusgaitasuna ematen die emakumeei arte martzialen munduan, eta erakusten du Eibar ingurune emankorra dela emakumeen kirola garatzeko".

Borrokez gain, ostiralean (hilak 25) borrokalarien pisaketa egingo da Untzagan, arratsaldeko seietan. Une horrek motorrak berotzeko eta ekitaldia herritarrengana gehiago hurbiltzeko balioko du.

16:00etan irekiko dira ateak eta sarreraren prezioa 35 eurokoa izango da.