Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Milioi bat euro bideratuko ditu Udalak dirulaguntza-lerro berri baterako, pandemiak eragindako autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/05/11

Dirulaguntzak jasotzeko epea gaur zabaldu da, maiatzak 11, eta irailaren 30ean amaituko da. Kopuru desberdinak izango dituzte sektorearen arabera: txikiena 750 eurokoa izango da; ostalaritzaren kasuan, berriz, 3.700 euroraino irits daiteke.

Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak prentsaurreko bat eman dute gaur goizean dirulaguntza-lerro berri baten deialdia iragartzeko, 1.500.000 negozio-zifratik beherako zenbateko garbia duten eta Covid pandemiaren kalteak jasan dituzten autonomoei eta enpresei zuzendutakoa.

Dirulaguntza-lerro berri bat da, 1.000.000 euroko partida bat izango duena eta Udalak pandemiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko aurten onartutako Talka-Planean jasota dagoena. Xedatutako partida milioi batekoa izango da, baina, hala ere, behin kreditua agortuta erantzun gabeko eskabideak egongo balira, handitu egin ahalko litzateke aurrekontu-partida.

Laguntza honen onuradunak Eibarren lokala irekita duten pertsona fisiko edo juridikoak, sozietate zibilak eta ondasun-erkidegoak izango dira eta Covid-19ari  aurre egiteko hartutako neurrien erruz kaltetuak izan direnak.

Iraolak azpimarratu duenez, “aldian aldiko egoerak exijitzen dizkigun dirulaguntzak bultzatu behar ditugu. Urtebete baino gehiago da sekula ikusi gabeko egoera bat bizitzen ari garela, eta larrialdiko neurriak hartu behar dira, ahal den heinean, pandemiaren ondorioz murrizten ari den ongizate sozial eta ekonomikoa berreskuratzeko. Joan den urteko Talka-Planean jasotako zuzeneko dirulaguntzak oso lagungarriak izan ziren Eibarko enpresa eta establezimenduentzat, eta, horregatik, Covid-19aren ondorioak pairatzen jarraitzen dugun urte honetan, gehien behar gaituztenengandik hurbil egoten segitu nahi dugu, gure baliabideak erabiliz eta gure esku dauden ahalmenen baitan”.

Telleria andreak adierazi duenez, “deialdi honetan aurrekoen xehetasun batzuk zuzendu ditugu, dirulaguntza behar duten guztiengana iristeko helburuarekin. Esperientziak erakutsi digu, eta baita pandemiaren ondorio ekonomikoei buruz ditugun datuek ere; beraz, espero dut eskakizunak ezartzen asmatu izana, eta nahiko nuke ez bakarrik behar duenarengana iristea, baizik eta okerren pasatzen ari den harengana ere ailegatzea. 

Dirulgauntza Plan berri honetan bi lerro egongo dira. Lehenengoa herriko establezimenduen titularrei aplikatuko zaie (ostalaritza-establezimenduak izan ezik), baldin eta negozio-zifraren zenbateko garbia 1.500.000 eurotik beherakoa bada, eta 2020ko azken hiruhilekoan fakturazioa gutxienez % 25 murriztu bazaie aurreko urteko azken hiruhilekoarekin alderatuta.

Dirulaguntza hau Eibarren dauden eta 2021eko urtarrilaren 1ean (data horretan EJZn alta emanda)  martxan dauden lokalen titularrei emango zaie.

Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da; horietatik 750 euro zenbateko finko gisa emango dira, fakturazioa murrizteagatik, eta gainerako 250 euroak gehitu egingo dira lokala errentan izanez gero.

Bigarren lerroa herriko ostalaritza-establezimenduen titularrei aplikatuko zaie, baldin eta negozio-zifraren zenbateko garbia 1.500.000 eurotik beherakoa bada, eta 2020ko azken hiruhilekoan fakturazioa gutxienez % 25 murriztu bazaie aurreko urteko azken hiruhilekoarekin alderatuta. Era berean, Eibarren  dauden eta 2021eko urtarrilaren 1ean  martxan dauden lokalen titularrei aplikatuko zaie.

Gainera, adierazi behar da laguntza-ildo honetan sartzen direla beste elikagai batzuen handizkako merkataritza, mota guztietako izozkiak, etab., jatetxeko zerbitzuak, kafetegietakoak, kafe eta tabernetako zerbitzuak (janariarekin edo janaririk gabe), jatetxeko zerbitzu bereziak, kafetegia eta kafe-antzokia, eta ostatu-zerbitzuak.

Bigarren lerro honetan emango den zenbateko finkoa 1.200 eurokoa izango da eskariko, betiere deialdiaren eskakizun guztiak betez gero. Gainera, deialdia argitaratzen den egunean terrazarik ez edukitzeagatik eta 2021. urte osoan ez jartzeko konpromisoarekin, beste 500 euro emango dira. Eta lokala errentan edukiz gero, beste 500 euro.

Gainera, 2020ko martxoaren 14tik 2021eko ekainaren 30era bitartean beren ostalaritza-establezimenduetan Covid-19ari aurre egiteko ezarritako segurtasun- eta distantzia-neurrietara egokitzeko eta beren jarduerari eustea bermatzeko inbertsioak egin dituzten eskatzaileek inbertsio horien kostuaren % 75eko dirulaguntza jasoko dute, eta gehieneko muga 1.500 eurokoa izango da, betiere baldintza batzuk betetzen badituzte.

Ostalaritzarako dirulaguntza-lerro honetako kontzeptu ezberdinengatiko laguntzak batuta, gehienez ere 3.700 euro eman ahal izango dira establezimendu bakoitzeko.

Enpresa txikientzako, autonomoentzako eta ostalaritzarentzako laguntzak eskatzeko epea gaur (maiatzak 11) ireki da, eta irailaren 30ean amaituko da. Dirulaguntzen eskaerak elektronikoki egingo dira www.eibar.eus udal webgunearen bidez. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.). Gainera, eskabidearekin batera deialdiko oinarrietan —udal webgunean kontsultatu ahalko dira— zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

Pandemiaren aurkako Talka Planaren dirulaguntzak

Laguntzen ildo berri hau 2020an pandemiaren eta alarma-egoeraren ondoriozko murrizketek kaltetutako autonomoei, enpresa txikiei eta ostalariei emandakoei gehitu behar zaie. Zehazki, 2020ko ekainean 700.000 euroko zuzeneko laguntza-lerro bat esleitu zen, eta 500 autonomo eta enpresa txikik jaso zuten laguntzaren bat.

Azaroan, ostalaritzaren sektoreak zituen zailtasunak ikusita —murrizketen ondorioek bereziki zigortu baitituzte—, Udalak sektore horri soilik zuzendutako zuzeneko laguntzen deialdi osagarri berri bat jarri zuen abian. Dirulaguntza-lerro horretarako 100.000 euro bideratu ziren eta 100 ostalaritza-establezimenduk jaso zuten laguntza.

>>> Dirulaguntza-lerro berria, 1.500.000 negozio-zifratik beherako zenbateko garbia duten eta Covid pandemiaren kalteak jasan dituzten autonomoei eta enpresei zuzendutakoa.