"Memoriaren Plaza" ekimen ibiltaria Eibarrera iritsiko da
Eibarko Alkateak, Miguel de los Toyosek, Udaleko alderdi politikoetako ordezkariekin batera, eta Aintzane Ezenarrok, Gogora Institutuaren zuzendariak, "Memoriaren Plaza" Eibarren izango duen programazioa aurkeztu dute gaur, maiatzak 10, Eibarko Udaletxean. Herritarrek parte hartzeko proiektu bat da; helburua da Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz. Erakusketa ikusgai egongo da Untzaga plazan maiatzaren 16tik 22ra arte.
Aurkezpenean Miguel de los Toyos alkateak hauxe adierazi du: “Eibarko Udalak urte asko darama memoria historikoaren arloa lantzen, eta beti egin du ihes gorrototik eta mendekutik, justiziaren eta aitortzaren bidea jorratuz."
“Gerrako umeak” bezalako proiektuak garatu ditugu, ikerketa sakon bat abian jarri ondoren ondutako proiektua, Eibartik atera eta Ingalaterra, Belgika, Frantzia edo Errusiara bidali ziren Eibarko 208 ume haien izenak eta ibilbidea aztertuz, gure herriko kaleetan ume haien argazki erraldoiak jarri eta hain ezaguna ez zen gure herriko historiaren atal hori jendeari ezagutarazteko erakusketa kalean bertan eginda. Joan zen urtean, Arraten Eibarko Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroa ireki genuen, gerra sasoian gure herrian gertatu zena hiritarrei ezagutarazteko.
"Ildo horri jarraitu nahi diogu, eta gure ustez, “Memoriaren Plaza” aukera ezin egokiagoa da iraganean egindako hutsune eta errakuntzak etorkizunean berriro ez egiteko".
Helburuak
Memoriaren Plaza proiektuaren fase ibiltariak lau helburu ditu: memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea; herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea; memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko eta Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.
Erakusketa gunea
Erakusketa guneak izango dituen tokiak honako hauek dira:
- Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
- Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
- Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.
- Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek beren mezua hormairudian idatzi ahalko dute.
Programa
Programazioari dagokionez, maiatzaren 16an, 18:00etan erakusketaren irekiera ekitaldia izango da; maiatzaren 17an, 19:00etan, “Eibarko memoria hurbila” mahai-ingurua izango da alkate-ohi eta alkateartekoekin; maiatzaren 19ean, 19:00etan, Eibarko memoria historikoari buruzko hitzaldia eskainiko du Jesus Gutierrez historiagileak.
Memoria Plazaren aurrekariak
Memoriaren Plaza 2015eko ekainean hasitako ekimen bat da. Batetik, herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzean datza; bestetik, memoriari buruzko elkarrizketa bat hastea hainbat eztabaida taldeen artean. Orain arte, erakusketa ibiltaria Bilbon, Durangon, Tolosan eta Gasteizen egon da.