Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mekolako lehenengo igogailua eraikitzeko hiru enpresa aurkeztu dira

Mekolako lehenengo igogailuaren infografia.

Mekolako lehenengo igogailuaren infografia.

2023/01/04

Obrak 1.825.000 eurotan atera ziren lizitaziora eta 44 asteko epean burutuko dira. Hiru eskaintzak aztertu eta hilabete honetan adjudikatuko dira. Mekolako eremu osoa hobetzeko eta berrurbanizatzeko planak bere gain hartzen ditu Arratebideraino iritsiko den bigarren igogailua, parke eta lorategi gune berria eta aisialdirako lekua San Juan kalearen atzeko aldean.

Hiru enpresa aurkeztu dira Eibarko erdigunea, Mekola inguruan barna, Arratebidearekin lotzeko lehenengo igogailua egiteko. Eskaintzak aurkezteko epea amaituta, hiru enpresa eraikitzaileren proposamenak onartu dira eta orain eskaintza horiek kontratazio-mahaiak aztertuko ditu. Urtarrilean bertan adjudikatuko zaizkio lanak enpresa horietako bati.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “jarriko den lehenengo igogailuaren obra laster adjudikatuko  denez, pauso garrantzitsua ematen ari gara kale horien irisgarritasuna eta hirigunearekiko konexioa nabarmen hobetuko duten irispide mekaniko horiek eraikitzeko.  Gainera, inguru hartako bizilagunek askotan eskatu duten proiektua ere bada, eta haien eskaerari ere erantzuten diogu.”

Duela aste batzuk lizitaziora atera ziren beheko igogailua edo lehen igogailua egiteko proiektuan islatutako lanak. Hasierako aurrekontua 1.825.095,64 eurokoa da (BEZa barne) eta lanak egiteko epea, berriz, 44 astekoa.

Hilabete honetan adjudikatuko den obran sartuta daude igogailua eta igogailuaren oinarria jartzeko lurzorua prestatzeko obrak. Igogailua Berdintasunaren pasealekutik abiatuko da (trenbidearen gaineko pasealekua, udaletxe ostean) eta Mekola kaleraino iritsiko. Igogailu honen abiapuntua Vildosolaren txalet zaharraren terrenoan egingo den hondeaketaren ondoriozko parke-eremu batean kokatuko da, eta oraingo pasealekuaren kota berean geratuko da.

Bigarren igogailua hurrengo fasean eraikiko da. Lehenengo igogailuaren amaieran pasarela bat egingo da Arratebideraino, eta gaur egun eraikitzen ari diren etxebizitza-urbanizazio berriaren ondoan kokatuko da. Udala lanean ari da bigarren igogailu horren proiektua prestatzen.

Orain adjudikatuko den igogailuak 11 metroko altuera gaindituko du eta tarteko geraleku bat izango du Mekolako etxeei zerbitzua emateko. Igogailuen proiektua plan zabalago batean integratuko da. Plan horren barruan, parke edo lorategi-eremu zabal bat izango da Vildosolaren txalet zaharra zegoen terrenoetan, eta berriz urbanizatuko da San Juan kalearen atzeko aisialdi-eremua.

Mekolarako irisgarritasuna igogailu publikoen bidez hobetzeko asmoa, inguruko bizilagunekin izandako parte-hartze prozesuaren emaitza da. Prozesu horretan  izandako bileren ondorioz, igogailuetarako hainbat kokaleku posible aipatu ziren, eta azkenik, prozesuan parte hartu zutenek, eztabaida baten ondoren, behin betiko aukera adostu zuten, proiektua idazteko ardura duen enpresa adjudikaziodunak kontuan hartu duena.

Parte-hartze prozesuan, halaber, Mekola kalerako hobekuntzak planteatu ziren, Ardantzako BOEren urbanizaziotik hasi eta Arratebidearekin elkartzeraino, bai eta inguru horretako trafikoari buruzko hausnarketa egin ere.