Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mekola eta Arratebideko irisgarritasuna hobetzeko igogailuen proiektuaren idazketa adjudikatu du Udalak

Artxiboko irudia. Mekola.

Artxiboko irudia. Mekola.

2021/03/11

I-Ingeniería y Arquitectura enpresak egingo du dokumentua: 22.828 euroko kostua eta 17 asteko iraupena izango du. Jon Iraola Eibarko Udaleko Obra zinegotziaren hitzetan, "proiektu hau lehentasunezkoa da Udalarentzat, irisgarriagoak egingo dituelako Mekola eta Arratebide, eta hango auzokideen bizi-kalitatea hobetuko duelako".

Udalak adjudikatu egin du Mekola eta Arratebideko irisgarritasuna hobetuko duten igogailu publikoen proiektuaren idazketa, zeina I-Ingeniería y Arquitectura enpresak egingo duen 22.828,88 euroko zenbatekoagatik, 17 asteko epe batean. Proiektuak kontuan hartuko ditu bere garaian Udalaren eta herritarren artean egindako parte-hartze prozesuaren ondorioz lortutako akordioak.

Jarduera honekin, erdigunea Arratebiderekin lotuta geratuko da bi igogailu publikoren bidez; horrekin batera, proiektu osoago bat egingo da: batetik, Bildosolaneko txalet zaharraren lursailetan parke bat egingo da lorategi-espazio libre batekin, eta, bestetik, San Juan kalearen atzealdean dagoen gunea berrurbanizatu egingo da.

Behin proiektua idatzita dagoenean, eta 2022ko aurrekontuaren kargura, Udalak obren lizitazio-prozesua irekiko du, eta, ondoren, gauzatu egingo da ingurua eta haren irisgarritasuna hobetzeko eta berrurbanizatzeko jarduketa handi hori.

Jon Iraola Eibarko Udaleko Obra zinegotziaren hitzetan, “proiektu hau lehentasunezkoa da Udalarentzat, ez bakarrik Mekola eta Arrate Bide irisgarriago egingo dituelako, baizik eta bizilagunen bizi-kalitatea nabarmen hobetzeaz gain, ingurunea ere hobetu egiten duelako, parke berri bat eginez lehen Bildosolaneko txaleta zegoen lursailean eta San Juan atzealdea berrurbanizatuz. Dudarik gabe, pauso garrantzitsu bat izango da Eibar erosoago, atseginago eta berdeago bat lortzeko."

Gaur egun, erdigunetik (San Andres pasealekua eta San Juan kalea) Mekola eta Arratebide auzoetara joateko, nagusiki, eskailerak daude, salbu eta Ardantzako geltoki gainean dagoen Berdintasun pasealekura igotzeko, Udal ostean dagoen igogailuaren bidez joan daiteke-eta. Auzo horietarako irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu berri egingo dira: lehena, duela gutxira arte Bildosolaneko txaleta zegoen lursailetik Mekola kaleraino, eta bigarrena kale horretatik Arratebideraino.

Lehenengo igogailuak bi geraleku izango ditu: lehenengoa Mekola auzoko etxebizitza batzuetara joateko, pasarela baten bidez, eta bigarrena Mekola kalearen parean. Metro batzuk aurrerago, bigarren igogailu bat jarriko da Arratebidera emango duena.

Hori guztia bertako bizilagunek egin duten parte hartzeko prozesu baten fruitu izan da. Prozesu haren eta egin ziren bileren ondorioz, hainbat kokapen posible proposatu ziren, eta parte hartzaileekin eztabaidatu ondoren azken aukera bat adostu zen, eta horixe izango da egitasmoa idazteko enpresa adjudikaziodunak kontuan hartuko duena. Parte-hartze prozesuan adostu zen, halaber, Mekola kalean hobekuntzak egitea, Ardantzako Babes Ofizialeko Etxeen urbanizaziotik Arratebideraino; adostu zen, baita ere, gogoeta bat egitea auzoko trafikoaren inguruan, oso kale estua baita eta ez baitago espaloirik.

Auzokoen artean adostu eta orain proiektuaren idazketarekin papereratu beharko den proposamenean Bildosolako txaleta zegoen partzela lautu eta Berdintasun pasealekuaren (Ardantzako tren-geltoki gaineko oinezkoen pasealekua) kotara eramango da, hala, toki biak lotuz.

Bi igogailu berriekin batera, Udalak parke eremu bat sortuko du lorategi-espazio zabal batekin —handik sartuko da lehenengo igogailura—, eta San Juan kalearen atzean dagoen aisialdirako gunea berrurbanizatu eta eguneratuko du. Horrela, ingurune osoan multzo harmoniko eta atsegin bat sortuko da.