Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Martxoaren 15etik aurrera, ibilgailuen abiadura ezingo da izan orduko 30 kilometrotik gorakoa herri barruan

2021/03/15

Plataforma bakarrekoak edo koexistentziakoak diren kaleetan, muga orduko 20 kilometrokoa izango da. Neurri hauekin, Udalak istripuak gutxitu nahi ditu, oinezkoarentzako herri atseginago bat egin eta kutsadura murriztu. Astelehenetik, halaber, aparkamendu-denbora mugatako sistema Isasi kalera zabalduko da.

Gaurtik aurrera, hilak 15, indarrean sartu da 30 km/h-ko abiadura-muga Eibarko hirigune guztian, eta horretarako, Udalak Trafiko ordenantza aldatu du. Neurri honekin, Eibar egokitu egingo da Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren aldaketara; izan ere, maiatzaren hasieran indarrean sartuko diren hiriguneko abiadura-mugek estatu osoan izango dute eragina.

Arau orokor gisa, hirigune osoan abiadura-muga 30 kilometro ordukoa izan arren, neurria are murriztaileagoa izango da plataforma bakarreko Eibarko kaleetan (espaloiak eta galtzada maila berean dauden kaleetan eta koexistentziakotzat jotzen direnetan); halakoetan ezingo da orduko 20 kilometro baino gehiagora zirkulatu.

Azken neurri horrek kale hauei eragingo die: Toribio Etxebarria, Untzaga Plazaren albo bat, Egogain kaleko azken zatia, Fermin Calbeton eta Plaza Barriaren azken zatia, Estaziño, Zuloagatarren, San Agustin, Legarre kaleko zati bat, eta Errebal.

Aldaketa hauekin istripuak eta haien ondorioak murriztu nahi dira. OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak) 2011n istripuaren eta abiaduraren inguruan egin zuen azterlan baten arabera, kotxeak harrapatuta hiltzeko arriskua gutxienez bost aldiz murrizten da inplikatutako ibilgailuaren abiadura orduko 30 kilometrokoa bada; gaur egun hiri gehienetan (Eibar barne) baimentzen den abiadura orduko 50 kilometrokoa da.

Eibar “30 Hiria” bilakatzeak, gainera, bigarren helburu bat ere badu: herri atseginago bat egitea, erregaien kontsumoa eta kutsadura murriztuz.

Eibarko Udala, Udaltzaingoarekin koordinatuta, seinale guztiak aldatzen ari da, horizontalak zein bertikalak, abiadura-muga berrietara egokitzeko.

Zehazki, dagoeneko hamabi seinale bertikal jarri dira hiriko hainbat tokitan, 30 kilometrotik gorako abiaduran zirkulatzea debekatuta dagoela adierazten dutenak. Seinale horietako bi, herriaren sarreretan jarriko direnak (Barrena kalean eta Unibertsitatearen ondoan), argidunak izango dira.

TAO Isasin

Trafikoari dagokionez, halaber, datorren astelehenean beste neurri bat sartuko da indarrean: Isasi kalean aparkamendu-denbora mugatuko sistema (OTA) jarriko da martxan.

Era horretan, Isasira ere zabalduko da Toribio Etxebarria, San Juan edo Bidebarrieta kaleetan erabiltzen den sistema. Isasiko funtzionamendua beste kaleen antzekoa izango da, alegia, gehienez ere bi ordu laga ahal izango da kotxea, doan.

Ordutegia ere aparkatzeko sistema hori duten kaleen antzekoa izango da: lanegunetan, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 9:00etatik 13:00etara. Aparkatzeko, tiketa atera beharko da parkimetroetan ibilgailuaren matrikula sartuta.

TAO sistema Isasi kalera zabaltzearen helburua hauxe da: aurrera egiten jarraitzea Eibarko erdiguneko aparkalekuei errotazio handiagoa ematen, Eibarko Udalaren planaren arabera; batez ere, jarduera komertzial handiena duten kaleetan.