Martxan da Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plan berria
Eibarko Udaleko Ingurumen Arloak dagoeneko kontratatu du udalerrirako Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plan berriaren idazketa. Plan hau tresna estrategikoa da etorkizunean udalerriko mugikortasun motak planifikatzeko, eta, gainera, gure hirian energiari, ingurumenari, ekonomiari, gizarteari eta irisgarritasunari lotutako alderdiak hobetzeko.
Lizitazioaren zenbatekoa 44.649 eurokoa da eta egikaritze-epea 16 hilabetekoa.
Klima-aldaketaren egokitzapenaren eta arintzearen ikuspegitik, beharrezkoa da dagoen Mugikortasun Plana eguneratzea; izan ere, 2015ean idatzi zen, eta ordutik hona aldatu egin dira bai udalerriaren mugikortasuna bai aplikatu beharreko arauak. Horren guztiaren ondorioz, planaren helburuak berriz ere definitu eta formulatu behar dira, klima-neutraltasunerako estrategia berriekin lehenbailehen bateratzeko. Era berean, Plan honen eguneraketa Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planean (2022-2030) jasotako neurri bat da —2023ko urtarrilaren 30ean Udalak onartutako plana— eta ildo estrategikotzat jasotzen du garraio publikoan eta motorrik gabeko garraiobideetan oinarritutako mugikortasun jasangarria bultzatzea.
"Egungo planaren egoera aztertu eta helburuen betetze-maila ikusi ondoren, Eibarrek gaur egun eta etorkizun hurbilean dituen erronka eta premiei erantzuteko unea da, hiriaren jasangarritasunaren, segurtasunaren eta konektibitatearen printzipioak bereziki azpimarratuz”, adierazi du Jon Iraola alkateak.
Eibarrek hiri-ehun korapilatsua du, eta horrek ezinbesteko egiten du etorkizunerako eredu eraginkor eta jasangarri baten alde lan egitea, baliabideak optimizatu eta oinezkoentzako herri atseginago bat egingo duena, emisio kutsatzaileak eta zaratak murriztuko dituena, eta motorizatu gabeko bitartekoak eta garraio publikoaren erabilera indartuko dituena.
Planean, herriaren errealitateari buruzko hainbat azterlan tekniko egitea ere jasotzen da; horien bidez, bilatzen dena d arazo nagusiak antzematea, mugikortasunaren arloan bizi-kalitatea hobetzeko aldaketak ezartzeko irtenbideak planteatzea eta joerak aldatu eta herritarrak kontzientziatzea.0}
Ikuspegi teknikoaz gain, herritarren ideiak, kezkak eta ekarpenak integratu nahi dira, parte hartzeko bitartekoen bidez. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dira:
Lehenik, mugikortasun-ohiturei buruzko formulario tekniko bat igorriko da ausaz aukeratutako 2.000 etxetara, Eibarren arlo honetan dauden joeren inguruko mapa bat sortzeko xedez. Datozen asteetan igorriko da inkesta, eta bete ondoren, abenduaren 31ra arte (egun hori barne) utzi ahalko da Correoseko edozein postontzitan, frankeoa ordainduta baitu.
Gabonak pasatu ondoren, galdetegi digital bat prestatuko da, udal-webgunearen bidez eskuragarri egongo dena. Galdesorta hori postontzietan ere banatuko da etxe guztietara, eta gero paperean entregatuko da udal-eraikinetan urtarrilaren amaierara arte instalatuko diren ontzietan.
Azkenik, herritar guztientzat zabalik egongo den saio presentzial bat ere egingo da otsailaren hasieran, Errebaleko erabilera anitzeko gelan.
Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun Jasangarrirako zinegotziak azpimarratu du oso garrantzitsua dela abian jarriko den parte-hartze prozesua, eta hauxe gaineratu: "Udalak Eibarko bizilagun guztiak animatu nahi ditu lehen fase hauetan parte hartzera, mugikortasunaren arloan dituzten kezkak eta arazoak zeintzuk diren jakiteko".
Aipatu behar da planaren lehen bi faseei ekiteko —gaur egungo egoerari buruzko datuak eta analisia, bai eta diagnostiko bat egitear ere—, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailaren eta Energiaren Euskal Entitatearen dirulaguntzak dituela.
Proiektu honi buruzko informazio eta aurrerapen guztiak aldiro-aldiro argitaratzen joango dira Udalaren webguneko Ingurumen atalean (https://www.eibar.eus/es/ayuntamiento/areas/medio-ambiente-1).