Lurzoru eta azpiegitura industrialen egungo egoerari buruzko ikerketa egingo du Udalak
Eibarko Udalak lurzoru industrialaren eta azpiegituren ikerketa egingo du hirian. Proiektuaren helburua da egungo azpiegiturak balorean ipintzea, lurzoruari zein pabiloei dagozkienak, jarduera ekonomikoa indartu eta sendotzeko. Hala, eskuratutako datuekin, Udalak hausnarketarako tartea ireki ahal izango du, jarraian, azpiegiturak (lurzoruak eta pabiloiak) balorean ipintzeko, jarduera ekonomikoaren sendotze, sortze eta erakarpenerako.
Ekimenaren jatorri dira Debabarreneko Lan Mahaian sortu ziren hausnarketak. Bertan proposatu zenez, azpiegiturak balorean jartzeko, lan egin beharko litzateke honako alderdi hauetan: hutsik dauden pabiloiak betetzean eta libre dagoen lurzoruaren garapenean, poligono industrialen kudeaketan eta birsorkuntzan edo antzinako erabilpen industrialeko pabiloien prestaketaren beharrean.
Orain proposatu den ikerketa Debegesarekin, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartearekin, elkarlanean egingo da; PSE-EE eta EAJ-PNVaren artean adostutako zuzenketa baten ondorio da, 2016ko udal aurrekontuak onartzeko.
Lan horretan lurzoru industrialaren eta erabiltzen ez diren egungo pabiloien tipologiarekin lotutako alderdi ezberdinak aztertuko dira. Alde batetik, Erisonoko parke teknologikoaren edo lurzorua okupatu daitekeen balio erantsi handiko guneen egoera aztertuko da. Bigarrenez, ikerketa pabiloiak hutsik dituzten poligono industrialetara zuzenduko da; kasu agerikoena Matxariako poligonoarena da.
Halaber, kudeaketa eta birsorkuntza beharra duten tokiak edo poligono industrialak aztertuko dira, Otaolako Etorbidea esaterako, jarduera gabeko edo jarduera eskasa duten eraikinak direlako. Laugarrenez, jarduera ez duten aspaldiko erabilera industrialerako eraikinak dituzten hiri-eremuetara zuzenduko da ikerketa, Matxaria auzoko beheko tokian gertatzen den bezala. Azkenik, jarduera ekonomikoetarako, oraindik garatu gabe dagoen kalifikatutako lurzorua ikertuko da.
Proiektuak bi fase izango ditu; lehenengoan, prospekzio baten bitartez, lurzoru industrialaren eta azpiegituren eskaeraren eta jarduera industrialetarako azaleraren handitzearen ikerketa bat burutuko da. Bigarren fasean, eskaeraren datuen analisia eta egungo eskaintzaren inbentarioa egingo dira, datuen tratamenduaren eta eskaintzaren inbentarioaren bitartez, lurzoruaren tipologia desberdinaren arabera.
Ikerketa aurrera eramateko aurreikusitako aurrekontua 9.775 eurokoa da.