Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Lore, Landare eta Zuhaitzen Azokaren beste edizio bat egingo da larunbatean Urkizuko parkean

Lore, Landare eta Zuhaitzen Azokaren kartela.

Lore, Landare eta Zuhaitzen Azokaren kartela.

2022/03/18

Eibarko Udalak eta Dekolore elkarteak antolatuta, Euskal Herriko hainbat herritatik etorritako hamabi ekoizle izango dira bertan, eta haurrentzako tailer bi. Azoka honen XII. edizioak topagune izan nahi du ekoizleen eta kontsumitzaileen artean, eta salmenta eredu zuzen eta gertuko bat ahalbidetu.

Eibarko Udalak eta Dekolorek (Landareen inguruko dibulgazio-elkartea) Lore, Landare eta Zuhaitzen Azokaren edizio berri bat antolatu dute larunbat honetarako, martxoaren 19. Aurrekoetan bezala, Urkizuko parkean egingo da, eta hamabi ekoizle izango dira, 10:00etatik 14:30era.

Eibarren urtero egiten den Azokaren XII. edizio honetan mota guztietako landare eta lore naturalak ikusi eta erosi ahal izango dira: fruta-arbolak, arrosa-landareak, zuhaixkak, barruko landareak, sasoikoak, usaintsuak, kaktusak eta landare zukutsuak eta beste batzuk. Erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak ere egongo dira, kosmetika naturaleko artisau-produktuak eta artisautza, hala nola lore prentsatuekin egindako koadroak, lore-motiboak dituzten bitxiak kakorratzez eginak, eta lore lehorrez edo eukaliptoz egindako bitxiak.

Azokaren beste helburuetako bat da landareen zaintzari eta erabilerari buruzko informazioa zabaltzea, eta, horretarako, goizean umeentzako bi tailer egingo dira. 11:30etik 12:30era bitartean orri-markatzaileak egingo dira prentsatutako loreekin; eta 12:30etik 13:30era landatzen ikasteko tailer bat.

XII. edizio honetan parte hartuko duten ekoizleak hauexek izango dira: Zunoyar, Oiartzungoa (barrurako, apaintzeko eta bildumarako landarea), Islaya, Oiartzungoa (kaktusak eta landare zukutsuak), Ortuberri, Iurretakoa (baratze-landarea eta lore-landarea), Urtinea, Usurbilgoa (barrurako eta apaintzeko landarea eta sasoikoa), Aritzkurengo Tiendua, Nafarroakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak), Lore Prentsatua, Donostiakoa (lore prentsatuak, lore lehorrekin egindako koadroak), Hazi Ekologikoak, Lasartekoak (erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako hazi eta belarrak), Sojo Natura, Lekunberrikoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak), Sara Letamendia, Aizarnakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak), Flores Ganchillo, Nafarroakoa (lore-motiboak dituzten bitxiak),  eta Tissus Artisautza, Atxondokoa (lore lehor enkapsulatua), eta L’Atelier de Su, Berastegikoa (lore lehorrak, lore-lanak, kokedamak).

Azoka hauek ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko topagune izan nahi dute, ekoizleak bere eskaintza zuzenean publikoari erakutsi ahal diezaion, era horretan, hurbileko eta zuzeneko salmenta mota bat ahalbidetuz. Gainera, ekoizleen aniztasunari eta espezializazioari esker, eskaintza zabal bat lortzen da, leku gutxitan topatzen dena.