Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Lizitaziora atera dira Miraflores auzoan baso-lorategia sortzeko eta egokitzeko lanak

Miraflores auzoko etxeak Arrateko errepidetik.

Miraflores auzoko etxeak Arrateko errepidetik.

2021/12/28

Lehengo parkean jolas, aisialdi eta atsedenerako toki bat eraikiko da eta mendi-hegalean bidezidorrak, baso-lorategiak eta aisialdiko guneak egingo dira. Lanen aurrekontua 270.000 eurokoa da eta obrak egiteko epea 14 astekoa.

Eibarko Miraflores auzoaren inguruan baso-lorategi bat egingo da, eta bertan aisialdirako toki bat, umeentzako jolasak eta naturarekin lotutako jolas-elementuak egongo dira; espazio osoak ikasgela irekiaren ezaugarriak izango ditu, eta aisialdirako gune bihurtzeaz gain, ingurumenaren gaineko ikasgaiak irakasteko leku bat izango da.

Udalak aspalditik dihardu lanean proiektuan eta orain, lanen lizitazioarekin, aurrerapauso nabarmena egin du. Lanen aurrekontua 269.949 eurokoa da eta obrak egiteko epea 14 astekoa Obrak egiteko eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 14ra arte egongo da zabalik.

Baso-lorategia kokatuta egongo den lursailak 16.000 metro kuadro baino gehiagoko azalera dauka, eta Arrateko errepidearen ondoan dagoen parkearen (Miraflores auzorako sarbidetik gertu) eta mendi-hegalaren artean dago kokatua. Jarduera Girder Ingenieros taldeak egingo du, Lur Paisajistak taldearen aholkularitzarekin, bere garaian Udalak enkargatutako proiektu batean oinarrituta.

Azterlanak, tokiaren ingurumen-baldintzei eutsiz, ingurune sozial bat sortzeko diseinu desberdinak definitu eta baloratzen ditu.  Hala, planteatzen dena da sortzen diren guneak era askotariko erabiltzaileei egokitzea; aurreikusten da baso-lorategiak eta aisialdiko tokiak egotea eta aukera ematea ibiltzeko, korrika egiteko, jolasteko edo ikasteko.

Baso-lorategiak bi gune nagusi izango ditu.  Batetik, Arrateko errepide ondoko parkea, bere garaian umeentzako jolasak izan zituena eta gaur egun abandonatuta dagoena, eta, bestetik, atzeko mendiaren hegala.

Lehengo parkean, azalera horizontal batean, umeentzako jolas ez-konbentzionalen gune bat egingo da naturarekin lotutako jolas-elementuekin; espazio guztiak ikasgela irekiaren tipologia izango du eta honako elementuek osatuko dute: egurrezko hesiak, asfaltozko muinoak, akazia-enborren Mikado-jolasa, pneumatikoen lorategiak, arkatzen formako enborren eserlekuak, informazio-panelak, rokodromoak, kareharrizko arrokak edo enbor bertikaleko eskailerak.

Aldameneko mendi-magalean, egokitze-lanak egingo dira handik igaro ahal izateko; bi ibilbide egingo dira, bata motzagoa parketik goraino zuzenean igotzeko, eta, bestea, sigi-sagatsua, eremu guztitik igaroko dena.

Proiektua amaitzeko, jarduketa bat egingo da GI-3950 errepidean (Arrateko errepidea): errepidea aldatu eta oinezkoentzako plataforma bat egingo da euste-hormaren ondoan, oinezkoek parkera iristeko sarbide bat izan dezaten.

Pasarela bat eraikiko da, hegal-egituran, 1,50 metroko zabalera izango duena, zeinak ahalbidetuko baitu Jardiñetako auzoarekin lotzen duen bidetik parkera sartzea.