Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Likidazioaren arabera, Errebal Plazia eraikineko obra zibilaren kostu osoa 7.649.257 eurokoa izan da

Errebal Plazia.

Errebal Plazia.

2021/11/16

Obra Dragadosi adjudikatu zitzaion eta lizitaziora atera zen hasierako aurrekontua 8.276.543 eurokoa izan zen. Kontratua suntsiarazi egin zen, eta Udalak 2.243.203 euro ordaindu behar izan zituen egindako obrengatik. Bigarren lizitazio baten ondoren, proiektu aldatua Iza-Campezo ABEE aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatu zitzaion, zeinari 6.256.504 euro ordainduko baitzaizkio, obra-amaierako ziurtagiriaren arabera. Gastu hauei dagokienez, kontuan hartu behar dira Udalak obraren harira jaso dituen 850.000 euroak.

Errebal Plazia eraikitzeko obrek 7.649.257 euroko kostua ekarri diote Eibarko Udalari, alegia, proiektua 2015ean lizitaziora atera zeneko prezioa (8.276.543 euro) baino nabarmen txikiagoa.

7.649.257 euro horiek Dragadosi ordaindutako zenbatekoan eta Iza-Campezo ABEEak egindako obren azken ziurtagirian dute jatorria, bai eta lanak egin bitartean Udalak jaso dituen eta ondoren zehazten diren diru-sarreretan ere.

Lehenik, azpimarratu behar da 2015eko maiatzeko Udalbatzan, aho batez onartu zela Errebal Plazia eraikinaren obra-aurrekontua, 8.276.543euroko zenbatekoarekin (BEZa barne), eta zenbateko horretan atera zela lizitaziora. Azkenean, lanak Dragadosi adjudikatu zitzaizkion, 5.000.000 euro inguruko zenbatekoarekin (BEZa barne).  

Kontuan izanik kontratua suntsiarazi behar izan zela eta enpresak ez zituela lan guztiak egin, Udalak egindako lanengatik azkenean ordaindu zuen kopurua 2.243.203 eurokoa izan zen.

Geroago, proiektuan egin gabe geratu zen zatia atera zen lizitaziora 6.400.000 euroan eta Iza-Campezo ABEEri adjudikatu zitzaion 5.369.179 euroan.  Hala eta guztiz ere, zifra horiei dagokienez, adierazi behar da ABEEak lanak egin dituen bitartean hobekuntzak sartu direla eta hasiera batean proiektuan jasota ez zeuden beste lan batzuk egin direla.  

Horren ondorioz, hasiera batean, egikaritze-aurrekontuari 699.000 euro gehitu zitzaizkion, eta, ondoren, beste 188.281 euro, baita ere, obran egindako hobekuntzengatik, guztiak ere bidezkoak eta obraren zuzendaritza teknikoak behar bezala justifikatuak eta arrazoituak.

Hala, behin lanak amaituta, Udalak eraikuntza-enpresa horrekin egindako gastu osoa 6.256.504 eurokoa izan da.

Bestalde, adierazi behar da Eibarko Udalak 850.000 euroko diru-sarrerak jaso zituela: 500.000 euro, Eusko Jaurlaritzak obra garatzeko emandako dirulaguntza bati  zegozkionak, eta 350.000 euro, Dragadosek kalte-ordain gisa emandakoak, Errebal Plazaren kontratua suntsiarazteko erantzukizuna bere gain hartzean.

Laburbilduz, Eibarko Udalak Errebal Plazia eraikinaren obra zibilaren egikaritzean egindako gastu osoa 7.649.257 eurokoa izan da.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Errebal Plazaren obrek ez dute batere gainkosturik izan, are gehiago, hasierako lizitazioaren aurrekontua 8.270.000 eurotik gorakoa izan zela kontuan hartuta. Egia da hasieran adjudikatutako aurrekontua handitu behar izan dela, obraren exekuzioak aurrera egin ahala eta modu osagarrian, hainbat hobekuntza-lan egin direlako eta eraikinaren hasierako proiektuan jasota ez zeuden obrak egin direlako, azken emaitza ahalik eta onena izan zedin”.

Ohiko prozeduretan oinarrituta, Iza-Campezo ABEEari ordainduko zaion zenbatekoari errekurtsoa jar dakioke oraindik; hala ere, enpresak aurkeztu dituen errekurtsoak ezetsi egin dituzte udal teknikariek, ez daudela justifikatuta iritzita.

Errebalgo gastuei egotz dakizkiekeen beste gastu batzuk

Obra zibiletik eratorritako gastuez gain, Udalak beste zenbateko batzuk ordaindu behar izan ditu benetako kostu gisa egotz daitezkeen kontzeptu gehigarrietan, hala nola Rialtoaren alokairuan, obra-zuzendaritzen ordainketan, lursailaren berrerosketan edo proiektuen berridazketan; lan horien kostua 1,5 milioi eurokoa izan da.