Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Legarreko eta Polonia Etxeberriako argiteria publikoan LED erako argiak jartzen ari da Udala

 LED motako lanparen artxiboko irudia.

LED motako lanparen artxiboko irudia.

2022/10/06

Eibarko argiteria Led lanparekin erabat berritzeko udal-planaren barruan, Legarren 95 argi aldatuko dira, eta Polonian, berriz, beste 37; guztira 64.602 euroko inbertsioa egingo da. Era berean, Udala Amañako dorreen parean dauden farolen zutoinak berritzen ari da, oinarrian duten korrosioa dela-eta.

Eibarko Udalak kaleetako argiteria publikoko ohiko argiak Led motako beste batzuekin ordezteko plana garatzen jarraitzen du, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa aurrezteko proiektuan aurrera egiteko; plan hori pixkanaka gauzatzen ari da duela zenbait urtetik hona.

Jon Iraola alkatearen esanetan, “Administraziook egoerak eskatzen digunaren ildotik bultzatu eta garatu behar ditugu gure jarduerak eta politikak. Alde horretatik, Eibarko Udala gero eta irmoago eta konbentzimendu handiagoz lantzen ari da ingurumenaren gaia, ekimen gehienetan ingurumen-ikuspegia txertatuz. Horren adibide da gure herriko argiztapenaren hobekuntza, orain ingurumena gehiago errespetatzen duten eta, gainera, gastu publikoa murrizten duten konponbide jasangarriagoak erabiltzen baitira.”

Hala, Legarre auzoan 95 argi ordezkatzen ari dira, eta Polonia Etxeberria kalean 37; azken horietako gehienak instalatuta daude dagoeneko. Bi jarduketa hauetarako egingo den udal-inbertsioa 64.602 eurokoa da (BEZa barne).

132 lanpara tradizional horiek LED sistemarekin ordezteak urtean 75.000 kw/h inguruko aurrezpena ekarriko du, alegia, 7.000 euro inguru aurreztuko dira Udalaren energia-fakturan, urtero.

Udalaren plan honen azken helburua da etorkizunean Eibarko argiteria publiko guztia LED lanparak erabiltzen dituzten farolez osatuta egotea. Horretarako, duela urte batzuetatik hona jarduketa-egutegi bat aplikatu eta garatzen ari da, eta, hala, urte bakoitzean hainbat eremutako argiak aldatzen dira. Plana pixkanaka egiten ari da proiektua garestia delako.

Argiak berritzeko plana 2014an jarri zen martxan. Erdiguneko kaleetan hasi zen, eta pixkanaka, hurrengo urteetan jarduera-eremua zabaltzen joan da, eta Eibarko beste gune batzuetan ere aldatu dira argiak.

Zehazki, eta plan honen ondorioz, azken hiru urte eta erdian herriko hainbat puntutako argiak ordeztu dira; udal-inbertsioa ia 200.000 eurokoa izan da (Legarren eta Polonia Etxeberrian egiten ari diren jarduketak barne).

Orain egiten ari diren lanen aurretik, iazko urrian argiak aldatu ziren Azitaingo industrialdean eta Romualdo Galdos kalean, 47.000 euro inguruko inbertsioarekin.

Lan hauek energia berriztagarriak sustatzeko eta energia-eraginkortasuneko sistemak aplikatzeko Udalak duen konpromisoaren barruan kokatu behar dira; alegia, CO2 emisioak murrizteko, energia aurrezteko eta energia-iturri berriztagarriak erabiltzeko helburua dute.

Farolak aldatzea Amañako dorreetan

Bestalde, Udala Tiburtzio Anitua kaleko 21 eta 32 zenbakien  arteko argiteria publikoko farolen zutoinak berritzen ari da, Amañako dorreen parean dagoen zatian.

Udalak farola horiek aldatzeko erabakia hartu du, txakurren txizak eragindako korrosioaren ondorioz zutoinen oinarriak oso egoera txarrean zeudela egiaztatu ondoren. Horregatik, txakurren jabeei eskatzen zaie, ahal den neurrian, ura bota dezatela txizaren gainean, horrelako kalterik gerta ez dadin eta Eibarko kaleen osasungarritasuna bermatuta egon dadin.

Udal Lantaldeko langileak (igeltseroak eta elektrikariak) egiten ari dira lanak eguneko ordutegian; obrek hiru aste iraungo dute eta eragina izango dute aparkalekuetan eta trafikoan, baina, hala ere, argiztapenak normal funtzionatuko du.