Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

LED teknologiako argi berriak ipiniko dituzte Eibarko beste hamaika kaletan

2016/11/04

Argi konbentzionalak ordezkatzeko planarekin aurrera dihardu du Udalak, argiteria publiko berriaren emaitza onak eta eraginkortasun energetikoa ikusita. Aurrekoetan ez bezala, oraingo honetan ordezkatze-lanak brigadako langileen eta Lanbideko Enplegu Planaren bitartez kontratatutako elektrikari baten laguntzaz egingo dituzte.

Eibarko argiteria publikoan argi konbentzionalak LED teknologiako argi berriengatik ordezkatzeko programa aurrera doa eta, horretarako, mota horretako 269 lanpara ipiniko dituzte hiriko hamaika kale ezberdinetan. Aste honetan hasi da berritze prozesua eta azken urteotan Eibarren burutu izan diren beste batzuei jarraipena ematen dio.

Oraingo honetan, argiak ordezkatzeko lanak baliabide propioekin egingo dira; aurrekoetan, Udalak lan horiek azpikontratatu egin zituen. Udal lan brigada arduratuko da ordezkatze lanak egiteaz eta, horretarako, Lanbideko Enplegu Planaren bitartez kontratatutako elektrikari baten laguntza izango du.

LED Luminaria berriak ipiniko dituzte honako tokietan: Tiburzio Anitua (78 luminaria), Otaola Etorbidea (42), Bidebarrieta (38), Barrena (35), Romualdo Galdos (22), Santaines (12), Karmen (11), Barakaldo (11), Barrenengua (9), Fermín Calbetón (7) eta Plaza Barria (4). Proiektu horren aurrekontua 82.951 eurokoa izan da (BEZa gabe).

Zerbitzu Sailak aditzera eman duenez, Sematec enpresak Eibarren egindako argiaren kontu-ikuskaritzaren emaitzak aztertu eta gero, Udalak erabaki du argi konbentzionalen ordezkatze lanekin jarraitzea argiteria publikoarentzat eraginkorragoa den teknologia berri batengatik, hots, LED deritzona.

Lan horien bitartez lortuko da egungo argien potentzia murriztea balore adierazgarrietan. Hala, kontratatutako potentzia beheratu ahal izango da, eta kontsumoa eta fakturazio kostuak murriztuko dira, baita CO2 emisioak atfosmerara ere.

LED teknologiaz gain, argi bakoitza balastro elektroniko batek erregulatuko du, eta argi bakoitzaren kontsumoa % 20 murriztea lortuko du; izan ere, Eibarko hogei bat kaletan lan horiek justifikatzeko egindako kalkuluen arabera, aurreikusitako energi aurreztea 212.319 KWH-koa da.

Aipatutako lanak egin ahal izateko, Udalak EVE-Energia Euskal Erakundeari diru-laguntza eskatu dio; modu horretan, Udalak egindako inbertsioaren % 50a lortzeko aukera ematen duen laguntzen programara gehitu da.