Eibarko Udala
tramiteak

Udalak erraztasunak emango ditu Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko Zerga online eta posta bidez izapidetzeko

2026/02/19
Artxiboko irudia.

Udalak izapidetze telematikoari bidea ireki eta eskatzaile bakoitzari banakako ebazpen bat bermatuko dio. Aldaketa gehiago egingo dira OHZren hurrengo kanpainan.

Eibarko Udalak hobekuntza esanguratsuak egin ditu Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko Zerga lotutako sistema berezia aplikatzeko eskatzeko prozesuan, izapidetzea irisgarriagoa, gardenagoa eta hurbilagoa izan dadin.

Indarrean dagoen prozedura berrikusi ondoren, udalak erabaki du bide berriak irekitzea eskaerak aurkezteko. Hemendik aurrera, interesdunek bi modu izango dituzte izapidea egiteko: aurrez aurre PEGORAren bulegoetan, orain arte bezala, edo online eta posta-zerbitzuaren bidez. Hala, dauden aukerak zabaldu egingo dira eta sistemarako sarbidea erraztu.

Gainera, udalak beste hobekuntza garrantzitsu bat sartu du: eskaera aurkezten duten pertsona guztiek ebazpen formal bat jasoko dute, eta bertan berariaz jakinaraziko zaie sistema berezi horren aplikazioa onartzen zaien edo ez. Orain arte, era horretako komunikazioak ez ziren sistematikoki egiten.

Jon Iraola alkateak azpimarratu du erabaki honek zuzenean erantzuten diela herritarren premiei. “Eskabidea egin digute hainbat pertsonak, eta udalean argi dugu bizimodua erraztu behar diegula herritarrei, ahal dugula, oztopoak ezabatuz eta tramiteak sinplifikatuz”, adierazi du. “Administrazioa modernizatzea eta irisgarriagoa egitea lehentasuna da guretzat, zeren administrazio hurbil bat administrazio bidezkoago bat da”.

Bestalde, Luis Vicente Castellanos Ogasun zinegotziak adierazi du hobekuntza hauek aurrerapen handia direla, gardentasunari eta segurtasun juridikoari dagokienez. “Aldaketa honekin, eskabidea egiten duten guztiek erantzun ofiziala izango dute, eta horrek argitasuna eta ziurtasuna bermatzen du. Gure asmoa da bizilagun guztiek jakin dezaten zein den haien egoera, lasaitasunez planifikatu ahal izan dezaten”, azaldu du.

Castellanos jaunak gaineratu du udalak zergaren gestioa hobetzeko lan egiten jarraituko duela. ldo horretan, iragarri du aldaketa gehiago egingo dituztela OHZren hurrengo kanpainari begira, betiere izapideak sinplifikatzen jarraitzeko eta herritarren benetako beharretara egokitzeko.