Eibarko Udala
KIUB

Eibarko KIUB bulegoak 1.300 kontsulta baino gehiago kudeatu zituen 2025ean; gora egin du nabarmen izapidetutako erreklamazio kopuruak

2026/02/19
KIUBeko logotipoa.

Telefono bidezko kontsultak lehengoak halako bi izan dira, aurretiazko hi-tzordurako sistemaren kontsolidazioari esker. Telefonia eta Energia sektoreek jarraitzen dute arazo gehien sortzen.

Eibarko Kontsumitzaileen Informazio Udal Bulegoak (KIUB) 1.381 kontsulta erantzun ditu 2025ean, eta, hala, konpromisoa erakusten jarraitzen du herritarren eskubideak defendatzeko funtsezko sektoreetan egiten diren gehiegikerien aurrean, hala nola energian, telekomunikazioetan eta aseguruetan.

Urteko txostenaren arabera, kontsulta kopurua jaitsi egin da 2024koekin alderatuta, baina erreklamazioek gora egiten dute nabarmen —163, 2024an eta 220, 2025ean—. Gorakada horren arrazoi nagusia telekomunikazioen sektorearekin eta energia-enpresekin lotutako kasuen igoera izan da. Horrez gain, telefono bidezko kontsultak ere igo egin dira (275tik 594ra, ia aurreko urtekoak halako bi). Telefono-arreta eta aurretiko hitzorduaren sistema egonkortzeak izan du zerikusia horretan.

Telekomunikazioen sektoreak eragin ditu kezka gehien kontsumitzaileen artean. KIUBek nabarmendu du Internet eta telebista zerbitzuetako gorabehera teknikoekin lotutako arazoak igo egin direla esponentzialki, aurreko urteetan ez bezala.

Bestalde, aurten ere, energia-sektoreak kontsulta eta erreklamazio ugari eragin ditu, batez ere, estimatutako irakurketetan egindako fakturazio-akatsen eta kontratazioetako engainuen inguruan. Horren harira, ondorioztatzen da, Gobernuak arazo honi irtenbidea emateko lege-saiakerak egin dituen arren, oraindik ere energia-enpresa batzuek gehiegikeriak egiten jarraitzen dutela: gezurra eta informazio nahasgarria erabilita, larritasuna eta beldurra eragiten diete kontsumitzaileei, tarifa kaltegarriak edo nahi ez dituzten zerbitzuak kontratatu ditzaten.

2025ean, KIUBek 220 erreklamazio tramitatu zituen. Telefonia eta Internet sektorea izan da, oraingoan ere, kexa gehien jaso duena (kexa guztien % 30); atzetik datoz energia sektorea (% 25) eta aseguruena edo produktu elektronikoena. Azken sektore horretako erreklamazio asko kontratuak ez betetzeagatik eta eskatu gabeko zerbitzuak kobratzeagatik izan dira. Halaber, automobilaren sektorean babes falta antzeman da, bereziki, bigarren eskuko ibilgailuen bermeen kasuan, lege-bermea aldatu nahi izan baita estaldura txikiagoko seguru pribatuen ordez. 

Kontsultez eta erreklamazioez gain, Eibarko KIUBek formakuntza-saioak antolatu ditu, herritarrek beren eskubideen gaineko kontzientzia har dezaten. Nabarmendu beharrekoa da abenduan egindako hitzaldia, zeinean azaldu baitzen zer alde zegoen ur- eta gas-merkatu librearen eta araututakoaren artean, herritarrek jakin dezaten zer tarifa diren benetan interesgarriak nork bere beharrak kontuan hartuta, hala, energia-enpresek gehiegikeriak egin ditzaten saihesteko.

KIUBek oso balorazio positiboa egin du 2024an ezarri zen aurretiko hitzorduaren sistemaz. Izan ere, lana hobeto antolatu ahal izatea eta arreta eraginkorragoa ematea ahalbidetu du. Horren ondorioz, besteak beste, telefono bidez egindako kontsultak gehiago izan dira. Sistema honek aukera eman du baliabideak optimizatu, langileek jasotako dei guztiei erantzun ahal izateko. Hala ere, kasu larrietan, hitzordurik gabe artatzen dira herritarrak, horretarako aukera egonez gero.