Enplegua sustatzearen eta herriko garapen ekonomikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen du Eibarko Udalak
Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak 3.019.139,76 €-ko aurrekontua izan du 2025ean, hainbat alorretako proiektuak aurrera ateratzeko. Sailak 2025eko memoria argitaratu du, garatutako proiektu nagusien berri emate aldera.
Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak baliabideak eskaini eta proiektuak sustatzen ditu herriko beste hainbat eragilerekin batera, Eibar toki erakargarria izan dadin bizitzeko, lan egiteko eta bertako enpresen garapenerako.
Horretarako, estrategia-lerro anitzetako proiektuak garatzen ditu, herrian kalitatezko enplegua sortu eta garapen ekonomikoa sustatze aldera. Helburu horretara begira, 2025ean 1.636.515,37 € eskuratu ditu dirulaguntza publikoetan, gehienbat Eusko Jaurlaritzatik.
Eibarrek langabeziarekin duen erronka dela-eta, 2025ean diagnostiko sozioekonomiko bat egin da, Eibarko Tokiko Enplegu eta Garapen Plana diseinatzeko, Eusko Jaurlaritzak finantzatua. Azterlan hau Eibarko ekonomia-, gizarte, eta hezkuntza-eragileekin batera egin da, eta 2026an Plana zehazten eta aurrera eramaten hastea aurreikusten da.
Gainera, aurreko urteetan esparru honetan egiten ari den lanarekin bat eginez, 274.491,68 €-ko dirulaguntzak bideratu dira langabetuak kontratatu eta formatzera, eta gizarteratze- eta laneratze-programak antolatu dira.
Estrategia-lerro honen markoan, beste helburu hauek ere sartzen dira: talentu gaztea sustatzea, Azitaingo lanbide heziketako zentroari babesa emanez; ikasleak inguruko enpresetara gerturatzen dituzten proiektuak garatzea; eta beste ekimen batzuk antolatu lanbide heziketako zentroekin, zeintzuen artean azpimarratu behar diren Ikasenpresa azoka (Euskaditik etorritako 2.000 ikasle inguru bildu zituen) eta XXI Uni Encounter ekitaldia (urtero berrikuntza eta teknologia berrien inguruko jarduera multzo zabala eskaintzen du).
Sailaren beste eginkizunetako bat herriko ekintzailetza-ekosistema indartzea da, hainbat ekintza-lerroren bitartez: batetik, enpresa-proiektu berrietarako dirulaguntzak kudeatu ditu, 2025ean ia 100.00o euro banatu dituztenak (iaz baino % 33 gehiago) 19 enpresa-proiekturen artean; bestetik, Debegesarekin batera, HELDU! eta EHUNDU ekintzailetza berritzailearen inguruko programaren bi edizio berri antolatu ditu, 5 proiekturekin; eta, azkenik, Udalarenak diren eta Debegesarekin eta BIC Berrilan Gipuzkoarekin kudeatzen dituen 3 inkubagailuetarako (batez besteko okupazioa % 60tik % 75era igaro da) proiektuak erakartzeko ahalegina egin du.
Enpresa-proiektu berriak abiatzeko babesaz gain, Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak estrategia-lerro bat du, zeina enpresetan berrikuntza piztera zuzenduta dagoen, indartu eta haz daitezen. Horretarako, BPTD edo Sportek Hub ekimenekin elkarlanean aritzen da eta berrikuntzara zuzendutako dirulaguntzak ditu martxan. 176.994,96 € banatu dira 52 enpresaren artean, beren enpresak lekualdatu, handitu edo modernizatzeko edo erronka teknologikoei aurre egiteko.
Udalak lanean dihardu, era berean, tokiko merkataritza sustatu eta bertako kontsumoa eta komertzioa bultzatze aldera; izan ere, horrela, Eibarko kaleak bizirik egongo dira, enplegua sektorean enplegua bermatuko da eta belaunaldi-erreleboa erraztu. Ildo horretatik, azken urteotan antolatu diren jarduerez gain —azokak, bonuak, “Eibar modan” desfilea, etab.—, 2025ean “K Bitamina-Eibarrek behar duen bitamina” izeneko bideopodcast kanpaina abiarazi da”. Azkenik, Eibarko establezimenduen zabalkundea egiteko merkatarien web-orria (www.erosieibarren.eus.) eta Instagrameko kontua erabili dira.
Lehen sektoreari dagokionez, Eibarko ekonomian pisu nabarmenik ez duen arren, Debabarrena Lehentasunez Jarduteko Eremu (LJE) gisa izendatzearen ondorioz jasotako funtsen bidez, merkatua dinamizatzeko eta hobetzeko proiektua egin da, aurten gauzatuko dena. Proiektu hau bestela egiten ziren jarduerak osatzera dator, hala nola Errebalen negozio berriak zabaltzea bultzatzea; Basarrixa Hurretik programa, eskolekin batera egiten dena, Eibarko baserrietara bisita pedagogikoak egitean datzana; eta, ohikoak diren Lore Azoka eta Azoka Ekologikoa antolatzea.
2025ean zehar, Eibarko turismo-estrategiari buruzko hausnarketan ere lan egin da, eta Eibarko natura-, kultura- eta ondare-baliabideen balioa handitzeko jarduerak abiarazi dira; Eibartarrok egina-Made in Eibar marka landu da; eta Eibarko industria-ondarera bisita gidatuak antolatzen jarraitu da. Jarduera hauek LJEtik eratorritako funtsen babesa dute.
Jon Iraola Eibarko alkateak politika hauek herriaren etorkizunerako duten garrantzia azpimarratu du: “Enplegua eta ekonomia-garapena funtsezko oinarri dira Eibarren ongizatea eta aukerak bermatzeko. Aurrekontu-ahalegin honek bizitzeko eta lan egiteko herri lehiakorra, berritzailea eta erakargarria eraikitzeko dugun borondate irmoa erakusten du”.
“Eibarrek industria- eta ekintzailetza-tradizio luzea du, eta, Udala garen aldetik, legatu hori egungo erronketara egokitu beharra dugu: digitalizazioa, berrikuntza, jasangarritasuna eta kalitatezko enplegua. Ekonomia-garapenean inbertitutako euroetako bakoitza gure herriaren etorkizunean eta datozen belaunaldietan zuzenean inbertitzea da”.
Vanesa Hortas Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziak departamenduaren lankidetza-ikuspegia nabarmendu du: “Ekonomia-, gizarte-, eta hezkuntza-eragileekin batera ari gara lanean, politika erabilgarriak, errealistak eta gure produkzio-sarearen eta herritarren premiekin lerrokatuak diseinatzeko”.
Azkenik, Hortasek zera gehitu du: “Enplegu Plana tresna erabilgarria izatea nahi dugu, praktikoa eta adostua, benetako aukerak eskainiko dizkiena langabetuei eta Eibarko enpresei.”
Aipatutako informazioaz gain, saileko memoriak Kontsumitzaileen Informazio Udal Bulegoari (KIUB) buruzko informazioa ere jasotzen du, sail beraren barruan baitago. Bulegoak 1.381 kontsulta izan ditu, 220 erreklamaziotan bitartekari-lanak egin ditu eta bi formakuntza-hitzaldi antolatu.
Memoria ikusteko interesa izanez gero, Udalaren web-orrian dago eskuragarri Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren atalean: www.eibar.eus.