Astelena frontoiak emakumezkoen binakako txapelketaren finala hartuko du martxoaren 22an
Emakumezkoen pilotaren katedralak berriz ere distira egingo du: frontoi historikoa kirol-bikaintasunaren eszenatoki. Tradizioa eta modernitatea uztartuko dira Eibarren, Astelena frontoiaren pilota mistoko lehen finalekin.
Emakumezkoen aurtengo Binakako Txapelketak halako maila altuko lehiaketa batek merezi duen finala izango du. Eibarko Udalean gaur sinatutako akordioaren esparruan, Astelena frontoi historikoa martxoaren 22an jokatuko diren finalen eszenatoki izango da.
Frontoi enblematiko hau esku-pilotaren gertaera askoren lekuko izan da. 2018an emakumezkoen pilotak gogoratzeko moduko egun bat bizi izan zuen: pilotaren katedrala txiki geratu zen Emakume Master Cup zirkuituko bikoteen finalak hartzeko. Horrek erakutsi zuen neskak ere gai direla pilotaleku industrialak betetzeko eta zaletuak bere jokoarekin hunkitzeko. Orduz geroztik, emakumezkoen pilota asko hazi da, eta Euskadiko kirol-erreferente bihurtu.
2026ko finalak mugarri izango dira: Astelena frontoian pilota mistoko lehenengo finalak jokatuko dira, eta hori urrats historikoa da berdintasunaren eta kirolaren bilakaeran. Eszenatoki honi esker, emakumezkoen esku-pilotak garatzen jarraituko du, eta duen bikaintasun-maila erakusten. Eliteko finala ETB-1ek eta nazioarteko estaldura duen ETB-Satek emango dute. Balioan jarri nahi da jokalarien talentua, eta ikuskizuna milaka ikuslerengana hurbildu.
Akordioa gaur sinatu dute Jon Iraola Eibarko alkateak, Vanesa Hortas alkateordeak eta María Fuentes Emakume Master Cup zirkuituko zuzendari teknikoak. Jon Iraolak: “Ohorea da Eibarrentzat halako final bat Astelena frontoi historikoan antolatu ahal izatea. Emakumeen esku-pilotak hazkunde ikaragarria izan du, eta ebentu honek indartu egiten du kirolarekin eta diziplina guztietan berdintasuna sustatzearekin dugun konpromisoa”.
Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela Udalak tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzten ekimenak babestea: "Astelena gure hiriaren sinboloa da, eta emakumezkoen pilotak gizonezkoenaren pareko bikaintasun-maila lortu duela erakusteko agertoki ezin hobea. Oso pozik gaude espazio hau jokalariei eta zaleei eskaini ahal izateagatik eta Eibar kirol-erreferente izaten jarrai dezan laguntzeagatik”.