Laster ekingo zaio Bustinduitarren kaleko bigarren faseari: obrak lizitazioan daude, eta lanak uztailean hasiko dira

Eibarko Udalak lizitaziora atera du 8-20 zenbakien arteko zatiaren birmoldaketa, irisgarritasuna hobetzeko eta azpiegiturak berritzeko. Proiektuak aurreikusten du espaloi berri bat egitea arrapalarekin, errepidearen espazioa berrantolatzea eta saneamendu- eta telekomunikazio-sareak modernizatzea.
Eibarko Udalak beste pauso bat eman du Bustinduitarren 8-20 zenbakien arteko kale-zatiaren berrurbanizazioan. 506.954,48 euroko aurrekontua duten obrak dagoeneko atera dira lizitaziora, eta interesa duten enpresek apirilaren 1era arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak. Aurreikusitako epeak betetzen badira, lanak uztailean hasi eta 22 asteko iraupena izango dute.
Esku-hartzearen helburu nagusia da oinezkoen irisgarritasuna hobetzea, kaleak aldapa handia du-eta. Gaur egun, espaloiak mailakatuak dira, eta horrek eragotzi egiten du mugikortasun mugatua duten pertsonak gurpil-aulkiekin pasatzea edo umeen gurditxoekin ibiltzea. Arazo hori konpontzeko, bi zati izango dituen espaloi bat egingo da: zati batean arrapala jarraitu bat egingo da eta bestean, fatxadetatik gertuago, eskailera-mailak eta plano horizontalak.
Jarduketa honek hiriaren hobekuntzarako udal-planen barruan duen garrantzia azpimarratu du Jon Iraola Eibarko alkateak. “Gure helburua da Eibar hiri irisgarriagoa eta erosoagoa bihurtzea, oztopo arkitektonikoak ezabatuz eta oinezkoen segurtasuna hobetuz. Obra honekin, bermatu egiten dugu edozein pertsonak —haren mugikortasuna edozein izanda ere— erraztasun handiagoz ibiltzea kale honetatik”, esan du.
Bestalde, Pedro Escribano Obretako zinegotziak azaldu du birmoldaketak espazioaren berrantolaketa integral bat eragingo duela. “Hobetu egin behar da mugikortasuna ez bakarrik oinezkoentzat, baita ibilgailuentzat ere. Galtzadan lerroko aparkalekuak bi metroko zabalera izango du eta zirkulazio-erreiak 3,50 m”, adierazi du. Guztira, 25 aparkaleku sortuko dira, horietako bat mugikortasun murriztua dutenentzat egokitua.
Lekua eraberritzeaz gain, azpiegiturak ere berriztuko dira. Ur beltzen eta euri-uren saneamendu-sare berriak jarriko dira, bai eta ur-hornidura sare berri bat ere, eta hobekuntzak egingo dira argindarraren sarean. Horren harira, lurrazpiko kanalizazio bat eraikiko da 16 eta 14 atarien artean lurgainetik dauden kableetarako; hortaz, ezabatu egingo dira estetikari eta segurtasunari eragiten dieten elementuak. Euskalteleko telekomunikazio-sarea ere berriztu egingo da eta aparkalekuen lerroan jarriko da.
Bustinduitarren kalearen eta Asolaigartza kalearen arteko bidegurutzean dagoen irlatxoa zolatu egingo da, eta edukiontzien gunea berrantolatu; zoladura berrian baldosa irristagaitzak jarriko dira, hala, irisgarritasun-araudira egokituz.
Galtzada osoa bost zentimetroko errodadura-geruza batekin asfaltatuko da, eta seinale berriak izango ditu. Gainera, oinezkoen segurtasuna bermatzeko, bi espaloien arteko desnibeletan altzairu galbanizatuzko barandak jarriko dira, altzairu herdoilgaitzezko eskudelekin.