Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kultura diputatu andreak eta Eibarko alkateak duela gutxi berriztutako San Andres elizaren erretaula nagusia bisitatu dute

San Andres elizako irudia.

San Andres elizako irudia.

2023/01/20

2022. urtean eta 2023.aren hasieran erretaula kontserbatzeko hainbat lan egin dira. Batetik, alboko erretaulak berriztu dira, elementu solte eta erorien egonkortze-lanak eginez. Maria Jose Telleria diputatu andreak, Jon Iraola alkatearekin batera, elizako organoa bisitatzeko ere aprobetxatu du; izan ere,organoak kalteak izan ditu parrokiako gangatik eroritako harri baten ondorioz.

San Andres parrokiako erretaula nagusia Eibarko elementu artistiko preziatu eta baliotsuenetako bat da.  XVI. mendearen erdialdean hasi ziren eraikitzen. Erretaula Andres Araozek eta haren seme Juan Araozek zizelkatu zuten, biak artista errenazentista ezagunak. 100 urte baino gehiagoko geldialdiaren ondoren, Eibarko herriak erretaulako lanekin jarraitzea erabaki zuen, eta 1736an hura behin betiko amaitzeko lanei ekin zitzaien berriz ere. Hilario Mendizabal eta Fernando de Arizpe eibartarrak izan ziren lanaren arduradunak, Juan Bautista de Mendizabal, Domingo de Alzaga eta Juan de Irazabalen laguntzarekin. Erretaula monumentu kategoriako Kultura Ondasun izendatua du Eusko Jaurlaritzak.  

2022. urtean eta 2023.aren hasieran erretaula kontserbatzeko hainbat lan egin dira. Batetik, alboko erretaulak berriztu dira, elementu solte eta erorien egonkortze-lanak eginez.  Zaharberritzean espezializatutako taldeek egindako azterketetan ikusi zen erretaulak hauts- eta depositu-pilaketa handia zuela, eta horrek ondo ikustea galerazteaz gain, kontserbazioa ere kaltetzen zuen. Gainera, ikusi zen jausteko arriskua zuten elementu solteak zeudela, eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Departamentuak egokitzat jo zuen premiazko esku-hartze bat egitea.

Horregatik, Sonia Sanz zaharberritzaileak zuzenduta 2022. urtearen amaierara arte egin ziren zaharberritze-lanetan, erretaula garbitu, elementuak egonkortu eta erretaulako piezen euskarri diren loturak berrikusi ziren, eta, era berean, polikromiak eta eraikuntza-materiala aztertu ziren.  Zaharberritze prozesu horretan, lanekin jarraitzeko beharra ikusi zen, hasierako aurrekontuan jaso gabeko lanak egiteko.  

Jon Iraola Eibarko alkatea oso pozik azaldu da erretaularen zaharberritzearen emaitzarekin: “Oso ondo geratu da. Bisita gidatuak egiten ditugu elizara, eta herritarrek aurkituko duten itxurak ez du zerikusirik lehengoarekin. San Andres Parrokia, gainera, Eibarren dugun ondare monumental eta artistiko aberatsaren adierazle nagusienetako bat da, erretaula nagusiari esker. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, Eibarko ondarearekiko erakutsi duen babes eta konpromisoagatik. Zalantzarik gabe, zaharberritze lanen ondoren, erretaulak halako pieza garrantzitsu batek merezi duen itxura eta distira izango du berriz ere. 

San Andres elizako erretaula nagusiaren esku-hartzearen kostua 73.600 eurokoa izan da eta bi fasetan egin da.Zaharberritzea Aldundiak eta parrokiak finantzatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduaren eta Donostiako elizbarrutiaren artean Gipuzkoako kultura-ondarea kontserbatzeko dagoen lankidetza-hitzarmenari esker.  

Harri bat erori da elizaren organora

Bestalde, San Andres parrokiara egindako bisitan, diputatu andreak eta alkateak organoa ikusi nahi izan dute; izan ere, organoak kalteak izan ditu gaur gauean San Andres parrokiako gangako harri bat erortzearen ondorioz.

Pedro Laskurain elizako parrokoa izan da, organoa konpontzen ari ziren teknikariekin batera, organoaren gainean harria aurkitu duena.  

Egoera aztertu ondoren, ondareko teknikariak, parrokiarekin koordinatuta, enpresa espezializatu batekin jarri dira harremanetan, egin beharreko lanak lehenbailehen egiteko. Enpresa arratsalde honetan bertan joan da elizara  kaltetutako tokira nola irits daitekeen ikustera, haren altuera eta zailtasuna direla-eta.  Helburua da lanak ahalik eta seguruen eta azkarren egitea. 

Marí José Telleria Kultura diputatuak jakinarazi duenez, “Gaur arratsaldean enpresa espezializatu bat etorriko da ganga zertan dagoen aztertzeko eta harri gehiago ez dela jausiko ziurtatzeko”. 

Jon Iraola Eibarko alkateak ildo beretik jo du, eta ziurtatu duenez, “Orain garrantzitsuena egitura bermatzea da, arrisku gehiagorik ez izateko”.

Azkenik, Pedro Laskurain parrokoak zera esan du: “Pena handia da justu zaharberritze-prozesuan zegoen organoaren gainera erori izana; izan ere, haren berritzea apirilerako amaituta egon behar zen. Ikusi beharko da zenbaterainoko kaltea den eta zenbat atzeratzen den konponketa”.