Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kultur Memoriak egitasmoaren emaitzak aurkeztu dira

Kultur Memoriak egitasmoaren emaitzak aurkeztu dira

Kultur Memoriak egitasmoaren emaitzen aurkezpena.

2019/07/23

Mapaketa partehartzaile bat egin da; bertan, eibartarrek udalerria esploratu eta miatu dute, eta errealitate soziokulturala identifikatu eta dokumentatu dute, hainbat sorkuntza formatu erabilita (bideoa, audioa, argazkilaritza, artxiboko materiala, ibilbideak…).

Eibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, eta Koldo Mitxelena Kulturuneak Kultur Memoriak izeneko proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur asteartea, uztailak 23, alegia, Eibarko memoriari eta ondareari buruzko mapaketa parte hartzaileko eta sormen soziokulturaleko proiektuaren nondik norakoak. 

Esperientzia pilotu bat da, mapaketa bat egiteko modu parte-hartzailean; horretarako, eibartarrak herrian goitik behera ibili dira, dena aztertzen eta miatzen, errealitatea identifikatu eta dokumentatu dute, eta beren eta beste pertsona batzuen memoriak suspertu dituzte, hainbat gai ikusgai jartzeko ikus-entzunezko baliabideak sortuz (elkarrizketak) eta artxiboko argazkiak bilatuz.   

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, "oroimen kolektiboa banakako oroimenen emaitza da". Gainera, azpimarratu du "Eibarren egin den ariketa sozial hau oso erabilgarria izan da, pena merezi izan duena, eta etorkizunean etor daitezkeen beste gauza on batzuen adierazle izan daiteke".

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari den Mari Jose Telleriak proiektu horren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi duenez, “memoria kolektiboa berreskuratzea funtsezkoa da ondare soziokultural bat sortzeko, horrekin identifikatuta senti gaitezen, eta, balioen oinarri bat ezar dezagun, gipuzkoar guztiok partekatua”.

Horrela, abiapuntu horrekin, lanari ekin baino lehen, lan prozesua aurkeztu ziztaien herriko hainbat eragileri eta zenbait arlotako adituei, proiektuaren berri emateko eta parte hartzera gonbidatzeko. 

Hainbat aurkezpen egin ziren, herritarrekin batera interesgarriak izan zitezkeen gaiak identifikatzeko. Bilera horietako batean, «prestakuntza» proiektuan kontuan izan beharreko gai bat izan zitekeela adierazi zen.  Pertsonen memoriak prestakuntzaren garrantziaz hitz egiten du eta nola horri esker eta, batez ere, Armeria Eskolak eskaintzen zuen prestakuntzaren kalitateari esker, Eibarko jendeak gizartean gora egiteko aukera zuen.

Lan hipotesi hori oinarritzat hartuz, beste deialdi bat egin zitzaion pertsona talde bati, Armeria Eskolarekin, Unibertsitate Laboralarekin eta beste ikastetxe batzuekin zerikusia zuten gaiak aztertzeko eta gehiago sakontzeko. Bilera horretan prestakuntzarekin zerikusia zuten hainbat gai landu ziren, eta horrek, ezinbestean, beste garai batzuetara eraman gintuen, hain zuzen, Eibarko industriek, hobetu eta aurrera egiten jarraitu nahi bazuten, urteetan eta urteetan zehar metatutako ezagutza guztia sistematizatu beharra zeukatela konturatu ziren unera. Izan ere, premia horrek bultzaturik sortu zen Armeria Eskola, eibartarrentzako hezkuntza arloko erreferentea, zalantzarik gabe, makina bat belaunaldi igaro baitira bertatik; eibartarren izaera ekintzaile eta berritzailearen dinamizatzaile bihurtu zen, eta Eibarko industriaren ondo egindako lanaren erakusle izan da betidanik.

Gai horren inguruan diskurtso plural bat josi da, Eibarren industria iraganari eta garai desberdinei buruzkoa, hasi industriaren oparotasun eta hazkunde garai haietatik, gaur egunera artekoa, tartean industriak eta herriak bizi izan zuten krisia ahaztu gabe.  

Bestelako lan saioak

Ondorengo lan saioetan, industriarekin eta artearekin zerikusia zuten gaiak jarri ziren mahai gainean, eta harreman hori aztertzeko bideak urratu ziren. Elkarrizketetan eta memorietan damaskinatua aipatzen zen, inolako zalantzarik gabe, herriko jarduera garrantzitsu gisa, bertako armagintza tradizioa kontuan hartuta. Nolanahi ere, azkenean gai hori ez zen sakon aztertu, eta beste bat atera zen, alegia, antzerkiak Eibarren duen garrantzia eta eibartarren artean dagoen antzerkiarekiko zaletasuna.

Antzerkian eta antzerki tradizioan oinarrituta, Eibarko ondare sozial eta kulturalari buruzko bi kontakizun prestatu dira, zatikatuak eta pluralak, bertako bizilagun batzuen ikuspuntutik abiatuta.

Kultur Memoriak egitasmoaren inguruan

Kultur Memoriak proiektuak Eibarko memoria soziokulturala ikusgai jartzeko lan prozesu bat sustatu du herriko jendearen parte hartzea oinarritzat hartuta, beren lekukotzak eta ezagutzak bitarteko direla, herria islatzen lagundu baitute.

Proiektuaren web orrian egongo da ikusgai. Ikus-entzunezkoak eta artxiboko irudiak hainbat modutan ikusi ahal izango dira: mapetan, mosaikoetan, ibilbideetan...

Proiektua otsailetik ekainera bitartean egin da.

Erlazionatutako elementua

etiketak: Eibar, Kultur Memoriak