Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kanpaina berria martxan birziklatzea finkatu eta indartzeko

2018/05/28

Hiru ingurumen-hezitzaile ibiliko dira Eibarko kaleetan, sortzen ditugun hondakinak behar bezala birziklatzen erakusteko. Herrian lortutako birziklatze-datuak oso positiboak dira, tasa 6 puntuan igo baita iazko urtearekin alderatuta, eta 2020rako Europarako ezarritako helburua gainditu da. Hala ere, Udalak hobetzen jarraitu nahi du.

Ekainaren 4tik 15era, Eibarko Udaleko Ingurumen sailak kanpaina berri bat egin behar du hondakinen inguruan sentsibilizatzeko. Kanpainaren helburu nagusiak bi dira: batetik, edukiontziak nahiz zaborrontziak zuzen eta egoki erabiliz eibartarrak kontzientziatzea gure ingurua garbi eta txukun mantentzearen beharraz, eta, bestetik, herritarrei egoki birziklatzen erakustea eta horretarako beharrezko den guztiaren berri ematea.

Hori lortzeko, hiru hezitzaileko talde espezializatu bat ibiliko da kalerik kale, Eibarko edukiontzi guneak bisitatuz. Astelehenetik ostiralera ibiliko dira goiz eta arratsaldez, ahalik eta jende gehienarekin egoteko asmoz.

 “Kanpaina honen berritasuna da ingurumen-hezitzaileak Eibarko edukiontzi guneetara joango direla, eta, bertan erakutsiko dietela nahi duten herritarrei nola kudeatu sortzen dituzten hondakinak. Asmoa da dauzkaten zalantzak konpontzea, hobeto birziklatu ahal izateko. Eta, batez ere, zabaldu nahi dugun ideia da hondakinak birziklatzea denoi dagokigun gai bat dela, denok egin behar dugula bai edo bai”, adierazi du Jon Iraola jaunak, Ingurumeneko zinegotziak.  

Gainera, kanpaina honen bitartez, Udaleko Ingurumen sailak hondakin ezberdinen erabilera sustatu nahi du, bereziki hondakin organikoena (edukiontzi marroia) eta errefusarena (edukiontzi grisa), hala, Eibarko gaikako bilketaren tasa hobetzeko, aurten % 55,75 dena.

Hondakinen gaikako bilketa-sistemaren aldaketa —txipdun edukiontzi grisa abenduan ezarri ondoren—, Eibarko birziklatze-tasa 2017ko % 49tik 2018ko % 55,75era pasatu da. Datu horietan oinarrituta, eta nahiz eta Eibarko tasa 2020rako ezarritako helburu europarraren gainetik egon, % 50ean ezarria, gure helburua izango litzateke hura hobetzea, gutxienez, % 60ra iritsi arte.

“6 puntuan hobetu dugu birziklatze-tasa, iazko abendutik. Zalantza barik, oso hobekuntza garrantzizkoa da. Ezin dugu ahaztu, 2014an, adibidez, Eibarko birziklatze-tasa ez zela % 40ra iritsi.  Gaur egun % 55aren gainetik gaude. Hala ere, datu hori ez da nahikoa eta ezin gara lasai geratu. Lanean segitu behar dugu eta datu hori handitzeko jarduerak martxan jarri. Hain zuzen ere, horregatik egin dugu kanpaina hau”, dio Ingurumen saileko arduradunak.   

Halaber, egoki birziklatzen erakusteaz gain, kanpainak jendea kontzientzatu nahi du edukiontzi zein paperontziak egoki eta behar bezala erabiltzeko; horrek hiri-ingurunean ere hobekuntza eragin beharko luke.  

Ekimen honekin, Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak jarraipena ematen dio hondakinen arloan herritarrak sentsibilizatzen egindako lan-ibilbideari, azaroan hasi zena “KONPROMETITU GAITEZEN EIBARREKIN” kanpainarekin, zeina Hondakinen Prebentziorako Europar Astearen esparruan egin zen; orduan txipdun edukiontzi grisa ezarri zen, eta horrek aldaketa eragin zuen ordura arte zegoen hondakinak batzeko sisteman. Gogoratu behar da kanpaina hau Hiri Hondakinen Koordinazio Organoak (OCRU) aukeratu zuela irabazletzat, Administrazio Publikoaren kategorian, Euskadin entitate horrek 2017rako Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen harira antolatutako ekimen-lehiaketan.