Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Juan Gisasola eta Sostoatarren kaleetan ur eta saneamendu sareak konpontzeko lanak hasiko ditu Gipuzkoako Urak gaur, astelehena

Ubitxako kurba.

Ubitxako kurba.

2021/07/05

Lanak bost hilabetez luzatuko dira, eta edateko uraren hornidura eta oinezkoen eta ibilgailuen igarobidea bermatuta egongo da eragindako tokietan. Langile espezializatuek kenduko dituzte fibrozementuzko hodi zaharrak, beharrezkoa den ekipamenduarekin eta ezarritako protokoloak betez.

Gaur astelehena, uztailak 5, Gipuzkoako Urak entitateak Sostoatarren eta Juan Gisasola kaleetan edateko uren, ur beltzen eta euri-uren sareak berritzeko hainbat lan jarriko ditu abian. Jarduera horiek Gipuzkoako Urak sareak hobetzeko azken hilabeteetan Eibarren egiten ari den lanen parte dira.

Jarduera berri hauek ur sarearen arteria nagusietako baten zati bat berritzeari eragingo diote eta hiru fasetan egingo dira. Lehenengoan, gaurtik hasita eta uztailean zehar, Ubitxako bihurguneko ur beltzen sarean egingo dute lan.

Jarraian, abuztuan zehar, Juan Gisasola 20 eta Sostoatarren 2 zenbakien arteko ur sarearen lanak hasiko dira. Eta, azkenik, Sostoatarren 10 eta San Pio X.aren elizaren arteko zatian berrituko dira sareak.

Lanak egiteko, fibrozementuzko hodi zaharrak kendu eta fundizioko hodi berriak jarriko dira. Proiektuan fibrozementuzko hodiak egotea aurreikusten zenez, haiek kentzeko beharrezkoak diren protokolo guztiekin egingo dira lanak, mota horretako jardueretarako ezarritako osasun eta segurtasun parametroak betez. Horregatik, material horiek manipulatzen espezializatutako langileek egingo dituzte lanak, eta beharrezkoak diren ekipo eta jantziak izango dituzte.

Era berean, edateko uraren sarea berritzeko, beharrezkoa izango da ur-horniduraren mozketa puntualak egitea. Mozketa horiek Gipuzkoako Urak entitateak jakinaraziko dizkie herritarrei, ohiko prozeduren bidez. Nolanahi ere, une oro bermatuko da uraren hornidura etxebizitzetara eta lokaletara.

Obrek, gainera, hainbat eragin eta aldaketa ekarriko dituzte oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorrietan, nahiz eta uneoro bermatuko den ordezko pasabideak egongo direla. Nolanahi ere, espaloietatik edo galtzadatik igarotzean egin beharreko aldaketa guztiak behar bezala jakinarazi eta seinaleztatuko dira.