Eibarko Udala
dentsitometria-zerbitzua

Jon Iraola alkateak, Osasun sailburuarekin egindako bileran, modu formalean jakin du Eibarren dentsitometria-zerbitzua jarriko dela martxan

2025/02/19
Jon Iraola alkatea eta Alberto Martínez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua.
Jon Iraola alkatea eta Alberto Martínez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua.

2017tik ari da eskatzen Eibarko Udala ospitalean hobekuntzak egitea.

Gaur goizean, Jon Iraola Eibarko alkateak Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin bildu da, zeinak jakinarazi dion hilabete batzuk barru Eibarko ospitaleak dentsitometria-zerbitzua eskainiko duela; zerbitzu hori aspalditik ari ziren eskatzen bai oraingo alkatea bai aurrekoa. Dentsitometria gure herrian eginda, Eibarko eta Debabarreneko biztanleak ez dira Donostiara joan beharko osasun-zerbitzu hau jasotzera.

Urtarrilean alkateak osasun agintariei bidalitako gutunaren ondorio da bilera hau. Eskutitz hartan Eibarko Ospitalean dentsitometria-zerbitzua jartzeko eskatzen zen, eibartarrek aspaldi egiten ari ziren eskaerari erantzute aldera.

Dentsitometria diagnostiko-proba bat da, ahalbidetzen duena hezurren dentsitate minerala aztertzea eta osteoporosia eta antzerako patologiak antzematea.  Gaur egun, Debabarreneko ESIko 1.000 lagun inguru joan behar dira Donostiako Gros auzora proba hori egitera. Herritik kanpora irten behar izatea pazienteentzako eragozpena izateaz gain, itxaron-zerrendak luzatzeko arrazoi ere bada.

Era berean, alkateak Eibarko Ospitalean mamografia-zerbitzua eskaintzea ere eskatu du. Neurri horrek bularreko minbiziaren detekzio goiztiarra hobetuko luke eta, bestalde, eragingo luke prebentzio-probak egin ahal izatea urrutira joan gabe. Nolanahi ere, Jaurlaritzak momentuz ez du eskaera bideragarria ikusten.

Jon Iraola Eibarko alkatea pozik agertu da gaur goizean Alberto Martinez Jaurlaritzako sailburuarekin izandako bileraren ondoren, ofizialki egiaztatu baitu dentsitometria-zerbitzua eskainiko dela Eibarko Ospitalean.  “Aurrerapen handia da bai Eibarrerako bai Debabarrenerako. Erabaki honek eibartarren bizi-kalitatea hobetuko du, Donostiarako joan-etorriak saihesteaz gain, funtsezko osasun-zerbitzu baterako sarbidea errazten baitu”, adierazi du Iraolak.

Alkateak bere ekipoak egindako talde-lana nabarmendu du, baita Miguel de los Toyos alkatea ohiarenak ere: “Gure herritarren eskaera historikoa da hau, eta harro gaude haien beharrei erantzuna eman ahal diegulako”.

Halaber, Osasun Sailak jakinarazi du Toribio Etxeberriako anbulatorioan ere berrikuntza-lanak egingo direla.