Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jon Iraola alkateak Debabarrena eskualdea berroneratzeko ponentzian hartu du parte Eusko Legebiltzarrean

Debabarrena eskualdea berroneratzeko ponentziako irudia.

Debabarrena eskualdea berroneratzeko ponentziako irudia.

2022/01/13

Alkateak Gasteizen aldarrikatu duenez, hiriburuetan zentratutako egungo ereduaren aurrean, udalez gaindiko erakundeek lagundu behar dute Debabarrena eskualdean trakzio-proiektuak garatzen, lurralde-oreka bermatze aldera. Bere hitzaldian, Eibarrek eta eskualdeak aurrera egiteko beharrezkoak diren trakzio-proiektu batzuk azaldu ditu Iraolak, hala nola Azitaingo industrialdean jarduera ekonomikoa sendotzea, hiri-espazio erakargarriago bat eratzea, industria-ondarea balioan jartzea edo eskualdean bidegorri-sarea zabaltzea.

Jon Iraola Eibarko alkateak, Ermuko, Debako eta Mutrikuko alkateekin batera, Debabarreneko eskualdea suspertzeko ponentzian hartu zuen parte atzo, azaroak 12, Eusko Legebiltzarrean.

Bere hitzaldian, Iraolak azpimarratu zuen beharrezkoa dela udalez gaindiko erakundeek, batez ere Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak, Debabarrena eskualdean aberastasuna sortuko duten trakzio-proiektuak garatzen laguntzea, eta eskatu du laguntza hori modu orekatuan banatzea Autonomia Erkidegoko lurraldeen artean. Eta hori, orain arte gertatutakoarekin kontrajarrita; izan ere, erakundeen babes-politikak hiriburuetan eta haien inguruetan  zentratu dira, gainerako lurraldeen kaltetan.  

Iraolak zera adierazi zuen: “Egungo egoeraren ondorioz, herria eta haren ingurua hazkunde txiki edo ertaineko sektore ekonomikoak izatera behartuta dago, hiriburuetan edo eragin metropolitarreko tokietan finkatuta dauden hazkunde handiko sektoreen aurrean. Beharrezkoa da ekonomia-erakarguneak sortzea Debabarrenean, eta horiek martxan jartzeko nahitaezkoa da udalez gaindiko administrazioen laguntza eta lankidetza”.

Horren harira, Iraolak adierazi zuen: “Orain arte bezala jarraitzeak bi abiadurako Euskadi bat betikotzea ekarriko luke, zeinetan hiriburuen eta haien eremu metropolitarren  garapenaren aldeko apustu argiak eragin negatiboa baitakartza Eibarrentzat eta eskualdeko udalerrientzat”.

Bere mintzaldian zehar, Iraolak, gainera, Eibarren eta eskualdearen aurrerabideari lagunduko lioketen trakzio-proiektuetako batzuk azaldu zituen, eta horiek martxan jartzeko erakundeen laguntza eskatu zuen.

Proiektu horietako lehendabizikoaren helburua Azitaingo eta Erisonoko industrialdeetan jarduera ekonomikoa sendotzea da, besteak beste, sarbideak hobetuz. Gogorarazi behar da Eibarko Udalak azterlan tekniko bat enkargatu zuela 2021ean Azitaingo Industrialderako errepidea hobetzeko, eta obren aurrekontua 800.000 eurotik gorakoa zela. 

Horren harira, Iraolak azpimarratu zuen Eusko Jaurlaritzak, Eibarko Udalaren ekimenez, Eibarko parke teknologikoa handitzea proposatu duela (14.978 metro koadroko urbanizazioa eta egokitzapena, 54.665 metro koadroko eraikigarritasuna eta 15.400.000 euroko aurrekontua), Europako Next funtsak merezi ditzakeen proiektu gisa. Handitzearen helburua izango litzateke enpresa-proiektuak erakartzea, eskualdeko eta Eibarko espezializazio-eremu nagusiekin bat datozen teknologiei eta sektoreei lotuak: Industria 4.0, Mekatronika eta Doitasun Ingeniaritza.

Iraolak ponentzian azaldutako bigarren proiektu eragilea espazio urbano erakargarriago bat eratzea izan da, eta erakundeen laguntza eskatu zuen udal etxebizitzen parkea birgaitzeko eta espazio eta eremu degradatuak berreskuratzeko.

Azaldutako hirugarren egitasmoa: “Eibarko industria-ondarea herriaren eta eskualdearen produktu turistiko-kultural berezi eta bereizgarri gisa baloratzea, turismo-sektorearen modernizazioarekin eta lehiakortasunarekin eta haren eraldaketarekin batera”. Atal horretan, alkateak azpimarratu zuen beharrezkoa dela hirian eta eskualdean aberastasuna eta talentua erakartzeko gune estrategiko bat izatea, gure iragan industrialaren kulturan eta aberastasunean oinarritua.

Azkenik, Iraolak adierazi zuen beharrezkoa dela Eibar eskualdeko gainerako herriekin lotzea bidegorrien bidez. Horren ildotik, Iraolak azpimarratu du aurrerapausoak eman behar direla Soraluzerekiko konexioan, Debagoienaren ateak irekitzeko, eta baita Ermuarekiko konexioan ere.  

Era berean, alkateak zera azpimarratu zuen: “Eskualdeko garapenaren azken helburuetako bat, dudarik gabe, XXI. mendeko Eibar bat lortzea izan behar da, non gazteek bertan geratu eta beren bizitza egin nahiko duten”, amaitu du Iraolak.