Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jardunaldia Eibarren herriaren erronkei erantzun eta soluzioak diseinatzeko

2017/12/20

Jardunaldia maiatzaren 20an izango da Ipuruako futbol zelaiko geletan eta puntako startups enpresek eta herriko eragileek parte hartuko dute saioan. Ekimenak epe motzera martxan jartzeko moduko soluzioak sortu nahi ditu eta etorkizuneko Eibar Digital Hub-en, alegia, berrikuntza digitalaren ekosistemaren esperientzia pilotu bihurtu.

Eibarko Udalak elkarlaneko sormen-jardunaldi bat jarri du abian, herriko eragileek, puntako startups-ekin  batera—alegia, hazteko aukera handia duten konpainia jaioberriak—, soluzioak diseina ditzaten Eibarko trafiko-zirkulazioa hobetzeko eta oinarri teknologikoko negozio ereduak bilatzeko.

Jardunaldi horretan, Barrabés berrikuntza-aholkularitza enpresak dinamizatua, hainbat zentro teknologikok, pymek, kirol-entitatek eta herritarrek lan egin dute mugikortasunean puntan dauden startups-ekin, Eibarko premiei erantzuteko soluzioak bilatzen.  Saioa bukatu ondoren, aktibazio-plan bat garatuko da soluzio horiek herrian ezartzeko.  

Gero eta hiri gehiago dira berrikuntza-hubs delakoak (ekintzaileentzako topaguneak) sortzen ari direnak, dauzkaten erronkei irtenbideak diseinatzeko eta aplikatzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetzea lortzeko eta teknologiaren bidez kostuak optimizatzeko.  Ekimen horiek egin izan dira Toronton, New Yorken, Vienan edo Copenhaguen, non, enpresa pribatuekin batera, hainbat soluzio berri sortu dituzten: partekatutako garraio elektrikoak, hainbat zerbitzutara sarbidea ematen duten txartel adimenduak, eraikin erabat jasangarriak bateriak biltzeko sistemarekin, energia efizienteak erabiltzeko sistemak eta sare elektriko adimentsuak.   

Eibarrek ere berrikuntza-hub bilakatu nahi du eta horregatik jardunaldi hau esperientzia pilotua izango da etorkizuneko Eibar Digital Lab-ena —herriaren zerbitzurako berrikuntza-ekosistema—.  Eibarko Udalak bultzatutako proposamen honek aukera emango du ekimen digitalak aktibatzeko hurbileko etorkizunean herriak eta lurraldea osatzen duten eragileek izango dituzten erronkei erantzute aldera.

Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza saileko Alberto Albistegui zinegotziaren hitzetan “herriak etorkizunean izango dituen erronkei erantzun nahi diegu, negozio digitaleko eredu eta proposamen berriak identifikatuz eta diseinatuz; horretarako, berrikuntza-kultura berri bat sustatzen duten metodologiak erabili nahi dira. Azken helburua da Eibarko eragileek (herritarrak, enpresak, entitate publikoak…) lehenetsitako erronketatik abiatuz, startups enpresek eta pymeek ingurune digitaletan soluzio berritzaileak ematea, eta, ondorioz, etorkizuneko Eibar Digital Lab-en oinarriak jartzen laguntzea.

Maiatzaren 20an izango da jardunaldia Ipuruako futbol zelaiko geletan eta ordezkari hauek egongo dira: IKA 4 Tekniker, Armeria Eskola, Udala, Kirolbet, Codesyntax, Eibar Merkataritza Gune Irekia, GAC Arkitektura eta Eibar KA.  Pertsona horietako batzuk urte hasieran egon ziren erronkak identifikatu eta hautatzeko saioetan.  Halaber, mugikortasun-erronketan aditua den startup baten laguntza eta aholkularitza jasoko da, Eibarren trafikoak eta aparkalekuek sortutako arazoak hobetzeko xedez. 

Bestalde, lan egingo da  lab formatuko espazioak sortzen, arazoak hautatu, aztertu, ikertu eta soluzioak garatzeko eta aplikatzeko. Helburua da teknologia herritarren arazoetara hurbiltzea eta soluzioak topatzea mundu digitalaren bitartez.