Jarduera fisikorako orientazio zerbitzua berriz jarriko da abian Eibarren

Udako etenaldiaren ondoren, Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzuari ekin zaio berriro, Eibarko Udalak sustatutako EIBAR MOGIDU tokiko ekimenaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Mugiment pertsona aktiboak" programaren barruan.
Urriaren hasieratik martxan da berriz ere Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua, sedentarismoa murriztea eta eibartar guztiei bizitza aktiboagoa eta osasungarriagoa izaten laguntzea helburu duena.
Zerbitzu hau guztiz doakoa da, eta jarduera fisikoaren urritasuna duten kolektibo sedentarioenetan jartzen du arreta, batez ere; izan ere, jarduera fisiko gutxi egiteak zuzenean eragiten du haien osasunean. Horregatik da garrantzitsua herriko osasunzentroetatik egiten diren deribazioak, bai anbulatoriotik, bai Eibarko ospitaletik egiten direnak.
Joan den ikasturtean 70 pertsona artatu ziren guztira; 45 emakume eta 25 gizon. Gehienak Lehen Mailako Arretako Osasun Zentroetatik bideratu ziren. Garrantzitsua da azpimarratzea artatutakoen % 52,86 pertsona ez-aktiboak izatetik pertsona aktiboak izatera igaro zirela jarduera fisikoari buruzko nazioarteko galdetegiaren arabera (IPAQ), % 21,43 Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako jarduera fisikoaren mailan mantendu zen, eta % 25,71k ez zuen jarduerarik gabeko egoera iraultzea lortu. Datu horiek erakusten dute garrantzitsua dela tokiko erakunde eta elkarteen arteko lankidetza (sare komunitarioa).
Joan den ikasturtean egindako esku-hartze komunitarioaren beste adibide bat Osakidetzako Osasun Komunitarioko Sareak erorketak prebenitzeko sustatu zituen tailerrak izan ziren. Bertan, Udaleko Kirol Sailak eta Gizarte Zerbitzuek parte hartu zuten, bai eta herriko beste agente batzuek ere. Tailerrak Untzagako Jubilatuen Zentroan eta Beheko Tokian egin ziren; parte-hartzea handia izan zen eta harrera ona izan zuten. Erorikoak osasun publikoko arazo garrantzitsu bat dira, batez ere adinekoen kasuan.
Bestalde, ikasturte honetan zehar, Ibilixan programa (ibilaldi osasungarriak) ere izango da, herritar guztiek parte har dezaten, bai eta Mugigela programa ere, zerbitzura bideratzen diren pertsonei banakako erantzuna ematera bideratuta dagoena.
Ibilixanen jarduera ostiraletan izango da oraingoan ere, hamabostean behin. Anbulatorioko plazatxotik abiatuko da, goizeko 10etan, eta ordubete eta laurden inguruko iraupena izango du. Hurrengo irteerak urriaren 18an, azaroaren 15ean eta 29an eta abenduaren 13an izango dira.
Azkenik, gogoratu ikasturte berri honetarako orientazio-zerbitzuaren ordutegia honako hau izango dela:
- Astearteetan, 11:00etatik 17:00etara
- Ostiraletan, 9:30etik 13:30era Lekua: Astelena pilotalekuko bulegoa
Posta elektronikoa: mogidu@eibarkirola.eus / telefonoa: 688 724 17