Eibarko Udala
jardiñetako aparkalekua

Jardiñetako aparkalekua handitzeko adjudikazioaren azken izapideak egiten ari da Udala

2024/11/28
Artxiboko irudia. Jardiñetako aparkalekua.
Artxiboko irudia. Jardiñetako aparkalekua.
Lizitazioaren aurrekontua 685.353,34 eurokoa da.

Eibarko Udala azken izapideak egiten ari da, Jardiñetako aparkalekuko handitze-lanei hasiera emateko, hala, auzoan aparkatzeko dauden arazoei soluzio bat eman nahian.  Esku-hartzeak aurreikusitakoaren arabera, 50 aparkaleku-plaza berri sortuko dira. Lizitazioaren aurrekontua 685.353,34 eurokoa da, eta adjudikazio-prozesua jada azken fasean dago; hortaz, laster hasiko dira obrak.

Jon Iraola alkateak ekimen honen garrantzia nabarmendu du, hauxe adieraziz: “Jardiñetako aparkalekua handitzea funtsezko lan bat da, auzotarrek behin eta berriz eskatutakoari erantzuten diona.  Proiektu honek auzoaren irisgarritasuna eta erosotasuna hobetzeaz gain, lagundu egingo du espazio publikoak berrantolatzen eta optimizatzen, eta erraztu egingo du ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetza”.

Udalak azpimarratu du lan hauek herriko azpiegitura hobetzeko eta auzoetan bizi-kalitate handiagoa bermatzeko konpromisoaren barruan kokatu behar direla. Akordioa EAJrekin egindako aurrekontu-itun batetik dator.

Aurrerapenak jasangarritasunean: plaka fotovoltaikoak ikastetxeetan

Aldi berean, udal-eraikinetan plaka fotovoltaikoak jarrita, Udalak aurrera jarraitzen du jasangarritasun energetikoaren helburuekin. Aste honetan bertan hasi dira J.A. Mogel Iturburu ikastetxean 238 panel fotovoltaiko jartzeko obrak.  Proiektuak —Iniciativas de Tecnología y Sostenibilidad S.L. enpresari adjudikatua— 76.334,24 euroko aurrekontua du (BEZa barne), eta sei asteko epean gauzatzea espero da.

Jarduketa honen helburua da autokontsumo energetikoa sustatzea, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztea, eta eraikin publikoen karbono-aztarna gutxitzea. Horrela, udalerriko energia eta ekonomia aurrezten lagunduko da.

Enpresa berak egingo du Amañako Haurreskolako 48 panel fotovoltaikoen instalazioa. Proiektua laster hasiko da, eta 21.325,58 euroko aurrekontua izango du (BEZa barne).

Bi jarduketa hauek Udalaren eraikinetan energia berriztagarriak txertatzeko plan zabalago baten parte dira, eta Eibar erreferente gisa kokatzen dute jasangarritasunaren eta trantsizio energetikoaren alorrean.