Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Itzuliaren etapa nagusiak Eibarren izango duen ibilbidearen aurkezpena egin dute udaletxean

2023ko Itzuliaren 6. etaparen aurkezpenean izan dira Jon Iraola alkatea, Ander Curiel Kirol zinegotzia, Julian Eraso OCETAko presidentea eta Roberto Laiseka Itzuliaren zuzendari teknikoa.

2023ko Itzuliaren 6. etaparen aurkezpenean izan dira Jon Iraola alkatea, Ander Curiel Kirol zinegotzia, Julian Eraso OCETAko presidentea eta Roberto Laiseka Itzuliaren zuzendari teknikoa.

2023/01/13

Itzuliaren eta Eibarko Udalaren ordezkariek lasterketa honetako 6. etapa izango dena aurkeztu dute, zeinak 137,8 kilometroko ibilbidea izango duen eta 7 mendate puntuagarri, 3.600 metrotik gorako desnibelarekin. Aurkezpenean, halaber, Eibarren egingo den Itzulia Basque Challenge 2023 proba zikloturista iragarri da.

Eibarko udaletxeko batzar aretoan aurkeztu dute gaur goizean 2023ko Itzuliaren 6. etapa. Aurkezpenean izan dira Jon Iraola alkatea, Ander Curiel Kirol zinegotzia, Julian Eraso OCETAko presidentea eta Roberto Laiseka Itzuliaren zuzendari teknikoa.

Azken etapa horrek, apirilaren 8an Eibarren hasi eta Eibarren amaituko denak, 137,8 kilometroko ibilbidea izango du eta 3.600 metrotik gorako desnibela. Esan beharra dago etapa-amaiera ez dela Arraten izango, aurreko edizioetan bezala, baizik eta herriaren erdigunean.

2023ko edizioaren etapa erregina da: guztira 7 mendate puntuagarri izango ditu, haietako 3 lehen mailakoak. Hala, berriz ere igoko dituzte Azurki, Gorla eta Krabelingo mendateak. Azken hori, bere aldapa gogorrekin, atzera ere ezinbestekoa izango da lasterketa erabakitzeko, aurreko urteetan bezala. Azken aurreko mendatea Ixua izango da. Hainbat urtez Itzuliaren ibilbidetik kanpo egon ondoren, aurten berriz ere igaroko dira txirrindulariak bertatik.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Txirrindularitzarekin hain lotuta dagoen eta kirola ondare industrial eta historikoaren parte den herri bateko alkatea naizen aldetik, harro nago, berriro ere, Eibar Itzuliaren etaparik erabakigarrienaren kokaleku izateaz. Aurten Arrateko helmugara iristeaz gozatuko ez dugun arren, zirraragarria izaten jarraituko du txirrindulariak lasterketarik zorrotzenetako batean nola lehiatzen diren ikusteak, eta, gainera, txirrindularitza are gehiago hurbiltzea lortuko dugu, gure herriaren erdigunera ekarriz. Eibarko Udalak jarraituko du apustu egiten bizikleta-egutegiko lasterketa hain garrantzitsu hau gure herrira ekartzeko.”

Bestalde,  Ander Curiel Kirol zinegotziak zera adierazi du: “Lasterketa hau beste adibide bat da Eibar 2023ko Kirolaren Europar Hiri zergatik izendatu duten erakusten duena. Gure herria txirrindularitzaren sorleku da, eta, beraz, kirol-diziplina honetako maila goreneko lehiaketak ekartzen saiatuko gara beti".

Azkenik, hala esan du OCETAko presidente Julian Erasok: “Asko pozten gaitu Eibarrek lehen mailako txirrindularitzaren alde egiten jarraitzeak eta 2023ko Itzuliaren azken etapa izango dena Eibarren jokatzeak. Eibar oso garrantzitsua izan da eta da Euskal Herriko zein nazioarteko txirrindularitzarentzat, eta izugarri gustatzen zaigu hona etortzen segitzea eta maila oneneko lasterketak antolatzen jarraitzea.

Itzulia Basque Callenge-ren ibilbideak

Prentsaurrekoan, halaber, Itzulia Basque Challenge 2023 lasterketa aurkeztu da; Itzuliaren lehen proba zikloturista da, eta Eibarren jokatuko da apirilaren 9an.

Lasterketa honek bi ibilbide desberdin izango ditu: bata, World Tourra, non txirrindulari profesionalek egingo duten etapa nagusiaren ibilbide berbera egingo den, eta bestea, laburragoa eta ez hain zorrotza, iraupen ertainekoa, 80,6 km-rekin eta 2.100 m-tik gorako desnibel positiboarekin, non 4 mendate igoko diren (lehen mailako bi, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako beste bat).

Proba honen antolaketa Udalaren eta Itzuliaren artean egitea erabaki da, 2023ko Kirolaren Europar Hiria dela eta.

Jon Iraolak esan duenez, “Itzuliaren lehendakaritzatik proba hau egiteko aukera planteatu zigutenean, ez genuen zalantzarik izan.  Aurten, Eibar lehen mailako kirolean erreferente izatea nahi dugu, orain arte gure herrian egiten ez ziren probak ekarriz. Seguru nago txirrindularitza zaleek asko gozatu ahalko dutela lasterketa honetan parte hartuz.”

Itzulia Basque Challenge 2023 proba honetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago dagoeneko.