Eibarko Udala

Itzulia Basque Country lasterketaren 60. edizioaren aurkezpena hartu du Udalak

2020/02/13
Apirilaren 6an hasiko da edizio berria Eibarren, 160,2 kilometroko etaparekin, eta Arraten amaituko da. Sari banaketa, berriz, apirilaren 11n izango da, Bilbon azken etapa amaitu ondoren.

Itzulia Basque Country lasterketaren 60. edizioaren aurkezpena hartu du gaur goizean Eibarko Udalak. Edizio berria apirilaren 6tik 11ra izango da. Aurkezpen ekitaldian Alberto Albistegi Kirol zinegotzia, Julian Eraso Itzuliko zuzendaria eta Roberto Laiseka txirrindulari ohia izan dira.

Apirilaren 6an abiatuko da Itzulia 2020 gure hirian, 160,2 kilometroko etaparekin. Ibilbide laburra da, baina bizia, eta amaiera Arraten izango du. Inaugurazio etapak 4.198,8 metroko desnibel metatua izango du. Gutxi gorabehera 13:15ean irtengo dira, eta 17:30ean iritsiko dira.

Aurtengo edizioan, guztira, 879,9 kilometro egingo dituzte, sei etapatan banatuta: 1. etapa, Eibar-Arrate; 2. etapa, Amurrio-Ermualde; 3. etapa, Gasteiz-Ibardin; 4. etapa, Bera-Errenteria; 5. etapa, Errenteria-Sestao; eta 6. eta azken etapa, banakako erlojupekoa izango dena, Bilbo-Bilbo.

Ibilbidean 20 mendate igoko dituzte: lau 1. mailakoak, zazpi 2. mailakoak eta bederatzi 3. mailakoak.

Aurtengo Itzulian hemeretzi World Team taldeek parte hartuko dute, baita Burgos-BH, Caja Rural-Seguros RGA eta Fundación-Orbea taldeek ere.

Sari banaketa apirilaren 11n izango da Bilbon, azken etapa amaitu ondoren. Guztira 99.000 euro banatuko dira saritan.