Itzulia Basque Challengeren bigarren edizioa aurkeztu da
Gaur goizean aurkeztu da Itzuliko martxa zikloturistaren bigarren edizioa: Itzulia Basque Challenge. Eibarko hiriak Itzuliaren azken etapa hartuko du berriro —seguruenik erabakigarriena— eta baita Itzulia Basque Challenge lasterketa ere. Apirilaren 6an, Itzuliaren etapa nagusia jokatuko da, eta apirilaren 7an, zaletuak profesionalak bezala sentitu ahalko dira antolatuko den martxan. Ekimen hau finkatzen hasita dago egutegi zikloturistan.
Bigarren edizio honetan, martxak lehen edizioan izan zuen ibilbide ofizial berbera izango du: 7 mendate, 137,8 km eta 3.600 m-tik gorako desnibel positiboa. Halako erronka gogorra nahi ez dutenentzat, antolaketak beste Iraupen Ertaineko ibilbide bat eskainiko du 80,6 km-koa, 4 mendaterekin eta 2.100 m-tik gorako desnibelarekin.
Aurkezpenean egon dira Jon Iraola Eibarko alkatea, Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatua eta Javier Riaño Itzulia Basque Challengeren zuzendaria.
Jon Iraola Eibarko alkateak hauxe adierazi du: “Dudarik gabe, txirrindularitza gure nortasunaren ezaugarrietako bat da. Gure herrian errotuen dagoen eta gure ADNari lotuen dagoen kiroletako bat. Horregatik, eskerrak eman dizkio lasterketaren antolaketari Eibarren aldeko apustua egiteagatik. Halaber, “Pribilegio hutsa da Eibarrek Itzuliko etapa nagusia hartzea, etapa polit eta erabakagiarrienetakoa. Eibarko Udalean jarraituko dugu bizikleta-egutegiko lasterketa hain garrantzitsu hau babesten eta gure herrira ekartzeko apustua egiten”.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputaturen hitzetan “pozgarria da horrelako ekitaldiak gure lurraldean egitea, bultzatzen ari garen turismo-estrategiari oso ondo egokitzen baitzaizkio. Lehenik eta behin, denboralditik kanpo egiten den jarduera delako. Bigarrenik, hiriburutik kanpo egiten delako eta horrek, tradizio turistiko txikiagoa duten eremu batzuk sustatzeko aukera ematen duelako. Eta beraz, turismo-jarduerak sortzen duen aberastasuna eskualde guztietan modu bidezkoagoan banatzen laguntzen du. Eta, azkenik, horrelako ekitaldiak erakarri nahi dugun bisitariak ekartzen dituelako, helmuga errespetatzen duten turista eta gure paisaiak ezagutzeko interesa izateaz gain, nondik gatozen jakiteko eta gure tradizioak eta kultura ulertzeko interesa dutenak”
Azkenik, Javier Riañok, martxa zikloturistaren zuzendariak, zera esan du: “Lehen urtean ezinbestekoa zen lana ondo egitea eta kalitatea eskaintzea izena eman eta guregan konfiantza jarri zuten guztiei. Gure martxak horixe nahi du, hain zuzen, kalitatea eskaintzea eta profesionalen antzeko esperientzia bat bizitzeko aukera ematea”. Eta hauxe gehitu du: “Premium maila hori lortzeko, funtsezkoa da erakundeen eta proiektu honetan konfiantza duten marken laguntza izatea, lurraldearentzako bultzada turistikoa baita”.
Zikloturisten esperientzia hobetzeko, antolaketak bitarteko gehiago jarriko ditu (segurtasunaren aldetik) bi proben ibilbidean. Gainera, anoa-postu bat gehiago egongo da ibilbidean, hain zuzen Krabelingo igoera gogorra hasi aurretik.
Izena emateko epea zabalik egongo da izen-emateen muga bete arte.