Eibarko Udala
erakusketa

Irailaren 28an eskrima historikoaren erakustaldi bat egingo da Untzagan

2024/09/23
Egun berean bisita gidatu bat egongo da Armagintzaren Museoan. Euria eginez gero, Errebalen izango da erakustaldia.

Datorren irailaren 27an, 12:00etan, eskrima historikoaren erakustaldi ikusgarri bat egingo da Untzagan, “Museoko ertz zorrotzak” erakusketaren harira, Armagintza Museoak antolatuta. Erakustaldian, Gasteizko CSE (Commilitium Sacrae Ensis) Esgrima Klubeko eta Donostiako Ignota Arma Aretoko kideek beren trebetasuna erakutsiko dute erakusketan egongo diren piezen antzeko arma zuri, sable eta baioneten erreplikekin.

Jardueran, arma horien erabileraren erakustaldi zehatza egingo da, Iker Alejo eta Francisco Peña Castresana erakusketako komisarioen eskutik, eta eskrimalariekin batera, eta garaiko jantziekin, ikusgai dauden arma bakoitzaren historia eta erabilera azalduko dute. Bertaratzen direnek hainbat ezpata eta sableren ezaugarriak gertutik ezagutzeko aukera izango dute, eta baita borroka baten errekreazio bat ere, eskrima historikoaren tekniken bidez egina.

Udalak ohartarazi du euria eginez gero, erakustaldia Errebalgo espazio estalian egingo dela.

 “Museoko ertz zorrotzak” erakusketaren bisita gidatua

Egun horretan bertan, 17:00etan, Iker Alejok eta Francisco Peña Castresanak bisita gidatu bat egingo dute Armagintzaren Museoan aldi baterako dagoen “Museoko ertz zorrotzak” erakusketatik zehar. Erakusketan, Museoko 25 arma zuri daude ikusgai (guztira 44 daude biltegian), eta horietako batzuk ez dira 1964. urteaz geroztik aurkeztu. Armen artean, 1914ko jatorrizko bildumako bi pieza nabarmentzen dira: xafla zuzen bat, "Fábrica de Toledo 1859" testuarekin markatua, eta kilij sable otomandar bat, adarrezko heldulekuarekin.

Erakusketan Eibarren egindako armak ere egongo dira ikusgai, hala nola Juan José Martínez de Villarreal jeneral karlistaren sablea, 1874an  Eusebio Zuloagaren tailerrean egina, eta balio historiko handiko beste pieza batzuk, garai hartako armamentuaren ikuspegi paregabea eskaintzen dutenak.

Bi jardueretarako sarrera librea eta doakoa izango da.  Museoan egingo den bisita gidatura joateko, izena eman behar da mezu bat bidaliz museoa@eibar.eus  helbidera edo 943 708446 telefonora deituz.