Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ipuruako kiroldegiko teilatua eraberritzeko lanak 230.000 euroan adjudikatu dira

Ipuruako Polikiroldegia.

Ipuruako Polikiroldegia.

2021/09/13

Estalkia konpondu nahi da ura barrura sar ez dadin; exekuzio-epea 11 astekoa izango da. Aldi berean, gobernu taldea Ipuruako kirolgune berria diseinatzen ari da; dagoen kiroldegiaren osagarri izango da eta konbentu zaharraren 7.000 metroko udal partzelan kokatuko da.

Laster hasiko dira Ipuruako kiroldegiko estalkiaren eraberritze obrak. Eibarko Udalak aurreko astean adjudikatu zion lana Cubiertas y Pinturas Hergar SL enpresari, 229.329 euroan (BEZa barne), lizitazio prozesuan aurkeztutako eskaintzak aztertu ondoren.   Enpresak 11 aste izango ditu lanok egiteko.

Jarduketa hau eraikinaren estalkiei buruz 2020an egin zen txosten baten ondorioz sortu da; agiri hartan zehazten zen ura sartzen zela estalkiaren maila desberdinetatik.

Arazoa batez ere teilatu-hodiek ematen dute, beren kokapenagatik ezin delako garbitu.

Urteekin (kontuan hartu behar da 1982an eraiki zela) eta haizearen eta oxidazioaren eraginez, arazoak daude airea sartzen delako egituran, eta horrek teilatuko elementuak jaustea eragin du, batez ere, kiroldegiaren mendebaldeko aldean.

Obra egiteko, eraberritze-proiektuaren arabera, inpermeabilizazio bat egingo da elementu lauei eta teilatu-hodi guztiei isolamendua jarriz. Gainera, iparrekialdeko harmailetan egitura lagungarri batean eskailera mekaniko bat jarriko da teilatura joan ahal izateko.

Proiektu hau Ipuruako kiroldegiko instalazioak hobetzeko plan osoago baten barruan kokatuta dago, non esparruko instalazioetako hezetasuna kentzeko sistema berritzea ere sartzen baita. Esparruko hezetasuna kentzeko jarduketa —Udalak bere garaian esleitutakoa— exekuzio fasean dago une honetan.

Kiroldegiaren oraingo instalazioen hobekuntza proiektu bi hauekin batera, Eibarko Udalaren gobernu taldea lanean ari da Ipuruako gune berria izango denaren diseinuan. Kirol toki berrian, batetik, lehendik dauden instalazioak (Ipurua I) egongo dira, eta behar bezala berriztu eta eguneratu egingo dira. Eta, bestetik, kirol eraikin bat egongo da (Ipurua II). Bi espazio horiek osagarriak izango dira, eibartarrei kirol zerbitzuen eskaintza askotariko eta indartsu bat emateko xedez.

Ipurua IIren kasuan, eraikin berria moja Kontzepzionisten konbentu zaharra dagoen udal partzelan kokatuko da, zeinak 7.000 metro koadro baititu. Hasierako asmoa da espazio akuatiko handi bat egitea, 4 igerilekuz osatua (piszinek bikoiztu egingo dute Ipuruako kiroldegiko oraingo ahalmena), eta hainbat gela izango dituena: tonifikazio-gunea, luzaketak, aerobika, spinninga edota antzekoak, eta zehazteko dauden beste gela batzuk.

Ipurua I guneari dagokionez, Ipurua IIra pasatzen diren kirol disziplinetarako gordetako tokiak, hala nola igerilekuak, kirol disziplina berriak jartzera edo daudenak osatzera bideratuko dira, kirol federatuko jarduera eta entrenamenduei leku gehiago eginez.

Proiektu honetako proposamenek Eibarko Kirolaren Plan Estrategikoaren ondorioak jaso eta bertan aurreikusitako erronkak beteko dituzte. Proposamena modu formalean aurkeztu zen uztailean egin zen azken Kirol Patronatuaren Zuzendaritza Kontseiluan eta, jarraian, egun batzuk barru, Kirol Mahaira eramango da, herriko kirol klubek haren berri izan, aztertu eta ekarpenak egin ditzaten.