Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ingurumenaren Mundu Egunarekin bat, hainbat ekimen egingo dira Eibarren herritarrak kontzientziatzeko

2018/06/04

Ekainaren 5ean da eguna, eta hainbat hitzaldi, dokumental eta tailer emanaldi egongo dira ekainaren 4, 7 eta 12an. Hiru ingurumen-hezitzaile ere ibiliko dira kaleetan, gure birziklatzea hobeagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Eibarko Udalak bat egin du Ingurumenaren Mundu Egunarekin, ekainaren 5ean izango dena, eta aurten plastikoen kutsadurari arreta jarriko diona. Egun hori baliatuz, eibartarrak ingurumen-arazoetara gerturatu nahi ditu, ekainaren 4an eta 12an izango diren jardueren bidez.

Batetik, ekainaren 4an, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Ibone Ametxagak, UPV/EHUko Garapen Iraunkor eta Ingurumen Heziketako Unesco Katedraren kide eta UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasleak, hitzaldi bat emango du Portalean 19:00etan,  planetaren mugak errespetatuz bizitzeari buruz, gure inguruneko benetako egoera zein den azalduta.  Hitzaldia euskaraz izango da eta 45 minutuko iraupena izango du gutxi gorabehera.

Bestetik, ekainaren 12an, 19:00etan, Eibarko Coliseo antzokian “Racing Extinction: Cuenta Regresiva” dokumentala emango da, Louie Psihoyos (The Cove) zuzendariarena. Dokumentalak espezien iraungitzeari buruz orain arte ikusi gabeko irudiak erakutsiko ditu, gure mundu ikuskera aldatuko dutenak. Filma gaztelaniaz da eta sarrera doakoa.

Argitu Tailerrak

Halaber, ekainaren 7an eta 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen sailak, Gipuzkoa Argitu programaren testuinguruan eta Eibarko Udalarekin lankidetzan, hainbat tailer praktiko antolatu ditu, denak doakoak, aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa bultzatzeko, energia modu eraginkorrean erabiliz, gure etxeetan, enpresetan eta elkarteetan erosotasuna galdu gabe.  

Hala, ekainaren 7an, bi tailer egingo dira eraginkortasun energetikoaren ingurukoak, haietako bat hirugarren adinera zuzendua (10:30ean Untzagako Jubilatuen Etxea), eta beste bat herritar guztiei irekia (18:00etan Portalean). Saio horretan, gainera, "Aurrezteko eta energia modu eraginkorrean erabiltzeko aholku praktikoen gida” banatuko zaie tailerrean parte hartzen dutenei.

Ekainaren 12an, tailerra elektrizitatearen kontsumoari eta datuaren interpretazioari buruzkoa izango da, eta sektore komertzialarentzat bakarrik izango da. (15:00etan, Portaleko KZ gunean).

Tailerrotan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, ekainaren 5a baino lehen (edurne@izadi21.eus/ 628-532-303), beharrezkoa baita aldez aurretik jakitea zenbat jendek hartuko duen parte saioak behar bezala antolatzeko. (Dokumentazio osagarria: www.gipuzkoaingurumena.eus/es/argitu)

Urtero, Ingurumenaren Mundu Eguna gai baten inguruan antolatzen da, eta balio izaten du arreta jartzeko arazo larri batean. Aurtengo gaia, Plastiko Kutsadurarik ez, munduko biztanle guztiak ohartarazi nahi ditu plastikoek sortzen duten kutsadurarik gabeko planeta baten alde lan egin dezaten. Egun horretako ekimenekin, lortu nahi da ohartaraztea gu geu garela egunez egun plastikoen kutsadura murriztu dezakegunak.

Egun hau antolatzeak aukera ematen du ondo informatutako iritzi publikoaren oinarriak eta jarrera arduratsuan inspiratutako pertsonen, enpresen eta elkarteen oinarriak zabaltzeko.  

Ingurumen-hezitzaileak

Hain zuzen, Ingurumenaren Mundu Egunaren gaiarekin bat etorriz, Plastiko kutsadurarik ez, Eibarko Udaleko Ingurumen sailak sentsibilizazio-kanpaina bat jarriko du martxan, ekainaren 4an  (astelehena) eta 15ean (ostirala), eibartarrok sortzen ditugun hondakinak behar den bezala birziklatzeko; horretarako hiru ingurumen-hezitzaile ibiliko dira kalerik kale.