Eibarko Udala
Ingurumena

Ingurumen Arloak Eibarko soinu-ingurunea hobetzeko ekintza-plan berria diseinatu du, eta herritarrei dei egiten die informazio-saio batean parte hartzeko

2026/01/30
Zarata maparen irudia.

Hasierako dokumentua herritarrekin eta eragile sozialekin kontrastatu nahi du Ingurumen Sailak. Saio presentziala otsailaren 10ean izango da Portalean.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, urrats irmoa eman du herritarren ongizatearekin eta osasun publikoarekin duen konpromisoan, "Udalerriko soinu-ingurunea hobetzeko Ekintza Plana" eginez”. “Dokumentu estrategiko honen helburu nagusia kutsadura akustikoa ebaluatzea, prebenitzea eta murriztea da, eibartarren bizi-kalitatea hobetzeko”, azaldu du Eva Juez Garmedia Ingurumeneko zinegotziak.

2024an, Udalak inkesta bat egin zuen online, Eibarko soinu-kalitateari buruz herritarrek duten iritzia jakiteko. Galdetegi hari esker, zarataren inguruan dauden kezka nagusienak zein ziren identifikatu ahal izan zen. Kontsulta hartan lortutako emaitzak aintzat hartuta, eta azterketa teknikoaren fase bat igaro ondoren, Ingurumen Arloak hasierako dokumentu bat du, lehentasunezko jarduketak eta neurriak jasotzen dituena. “Orain helburua da plana herritarren ikuspegiarekin partekatzea eta aberastea, hura onartu aurretik”, adierazi du Eva Juezek.

Parte-hartze saioa

Partekatze hori errazteko, saio ireki bat antolatu da herritarrei, elkarteei eta herriko eragileei bideratua. Topaketan, Planaren puntu giltzarriak aurkeztu eta bertaratutakoen ekarpenak jasoko dira.

  • Eguna: 2026ko otsailak 10
  • Ordua: 18:30etatik 20:00etara
  • Lekua: Portalea (Ikastaro gela – 3101)

Plan estrategiko bat hiri osasuntsuago baterako

Ekintza Plana ez da administrazio-izapide bat soilik, baizik eta plangintza-tresna bat, hiri-zarataren erronkei prebentziotik eta esku-hartzetik heltzeko. Udalak azpimarratu du garrantzitsua dela herritarrek eta elkarteek parte hartzea, hartutako neurriek udalerriaren errealitateari eta beharrei erantzuten dietela ziurtatzeko.

Plan honi buruzko dokumentazioa eta jardunaldiaren xehetasunak udalaren https://www.eibar.eus/eu/udala/sailak/ingurumena/zarata/eibarko-udalerriaren-soinu-ingurunea-hobetzeko-ekintza-plana-sihep-2026-2031-1 webgunean kontsulta daitezke.

“Ingurumen Sailetik erakundeak eta herritarrak animatu nahi ditugu saio honetan parte hartzera, elkarrekin Eibar atsegin eta osasuntsuago bat eraikitzeko", gaineratu du Eva Juezek. 

Informazio gehiago ingurumena@eibar.eus helbidean eta  943 70 84 08 telefonoan.