Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Iaz Eibarko KIUbek bitartekaritza-lana egin zuen 171 erreklamazio eta 1.956 kontsultatan, gehienak telefonoz eta internetez

 KIUBek Eibarko udaletxean duen kokapenaren irudia.

KIUBek Eibarko udaletxean duen kokapenaren irudia.

2022/02/03

Telefoniari buruzko kontsultak dira nagusi berriz ere, eta ondoren datoz elektrizitatearen eta gasaren merkaturatzaileei eta bidaiei buruzkoak. Erreklamazioak ere telefoniari eta energiari buruzkoak dira gehienak.

Eibarko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) 1.956  kontsulta artatu zituen iaz eta bitartekaritza-lanak egin zituen 171 erreklamaziotan. Aurreko ekitaldian bezala, eta pandemiak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz, arreta emateko bide nagusiak telefonoa eta modu telematikoa izan dira; bi kanal horiek aurrez aurreko arreta baino askoz gehiago erabili dira.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “datuek erakusten dute zer garrantzitsua den udal bulego honen moduko zerbitzu bat ematea; izan ere, banan-banako arreta eskaintzen du, egoera bakoitzari egokitua, eta kasuen jarraipena egiten du. Gainera, une aldakor honetan, behar-beharrezkoa da nora jo izatea ezustekoen ondorioz sor daitezkeen arazoen aurrean.

Kontsumitzaileen Bulegoak argitaratutako urteko balantzearen arabera, iaz egindako 1.956 kontsultetatik zuzenean bulegoan egindakoak 34 bakarrik izan ziren, telefonoz egindakoak 1.209 eta Internet bidezkoak 713. Oro har, kontsulten kopuruak nabarmen egin zuen gora: 2021ean 1.742 kontsulta izan ziren, eta iaz 1.956.

Kontsulten kasuistikari dagokionez, telefoniari buruzko gaiak dira, berriz ere, lehenengo postuan daudenak: 75 kontsulta, guztien % 14,3. Fakturazioa, Interneteko konexioak eta telefono-konpainien aldaketak izan dira gairik kontsultatuenak. Bigarren tokian, gasaren zein elektrizitatearen energia-merkaturatzaileak; 56 kontsulta izan dira guztira (% 10,70), eta gehienak fakturazio berriak eta kontratazioan dagoen informazio faltak eragindakoak.

Bestalde, pandemiaren ondorioz bertan behera geratutako bidaiengatik egindako erreklamazioek ohikoak izaten jarraitzen dute: 55 kontsulta egin dira, eta portzentajea % 10,51koa da. Aseguruei eta haien estaldurei buruzko kontsultak 40ra irtisi dira azken ekitaldi honetan (% 7,65), eta antzematen da erabiltzaileak  nahiko gogaituta daudela beren aseguru-etxeekin. Banketxeengatiko kontsultak, berriz, igo egin dira (% 6,88); gainera, mesfidantza handia antzematen da bezeroen artean ezarri dituzten ordutegiengatik, eskainitako arretagatik eta pertsona nagusiei ez laguntzeagatik.

Administrazio Publikoaren zerbitzuengatik egindako kontsultak % 5,54ra igo dira; iaz % 4,43 izan ziren. Produktu elektronikoengatik egindakoak % 5,54 izan dira.  Eta, azkenik, azpimarratu behar da etxebizitzen alokairuagatik eta autoen salmentagatik aurreko urtean baino kontsulta gehiago egin direla.

Erreklamazioen atalean, Eibarko KIUBek 171 kasutan egin zuen bitartekaritza-lana iazko urtean. Aurreko urteetan bezala, telefoniako alorra da erreklamazio gehien eragin dituena: 92 erreklamazio, egindako guztien % 53,80. Arrazoiak beste urte batzuetakoen antzekoa da: fakturazioa, kontratazioa, betetzen ez diren baja-eskaerak, aparatuen funtzionamendu txarra eta eskatu ez diren zerbitzuak kobratzea.

Energiaren komertzializazioak, beste behin ere, erreklamazioen bigarren lekuan jarraitzen du. Kexarik ohikoenak fakturazioa eta haren formatu berria dira; guztira 18 erreklamazio egin dira, % 10,53.

Aurten 14 erreklamazio egin dira (% 8,19) ordenagailuak eta, batez ere, telefono mugikorrak erostean izandako arazoengatik. Erreklamazio gehienak funtzionamendu txarragatik eta bermealdian izandako arazoengatik jarri dira. Gainerako erreklamazioen arloak hauek izan dira: banketxeak, Correos-eko zerbitzua, edo altzarien salmenta, besteak beste.

Azkenik, Eibarko KIUBek emandako formazio/informazio ekitaldien barruan iaz bi jarduera egin ziren: batetik, Facebook orrialdeko informazio eguneratuta edukitzea eta, bestetik, Esperientziaren Eskolan Kontsumitzaileen eskubideei eta betebeharrei buruz emandako prestakuntza-modulua.