Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin bat egiten du Udalak, herriko ikastetxeetan ogiaren kontsumoa murrizteko sentsibilizazio-kanpaina abian jarrita
Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez eta Debabarreneko Mankomunitatearen laguntzarekin, bat egingo du aurten ere Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin, udalerriko ikastetxeetan ogiaren kontsumoa murrizteko sentsibilizazio-kanpaina bat abian jarrita.
Europako Batzordeak 2024ko kanpainarako aukeratu duen gaia "Elikagaiak alferrik ez galtzea" da, eta ekimenaren leloa, berriz, "Gustu ona ez da alferrik galtzeen".
Urtero, Europar Batasuneko estatuek 59,2 milioi tona elikagai-hondakin baino gehiago ekoizten dituzte, hau da, 132 kg biztanleko. Datu horiek are dramatikoagoak dira kontuan hartuta 37 milioi pertsonak baino gehiagok ezin dutela kalitatezko janaririk egin egun bitik behin. Mundu mailan, giza kontsumorako ekoizten diren elikagai guztien herena alferrik galtzen da. PNUMAren datuen arabera, 2019an 931 milioi tona elikagai alferrik galdu ziren, hau da, elikagaien munduko ekoizpen osoaren % 17. Alferrik galtzen diren elikagai gehienak etxean kontsumitzen dira (hondakinen erdia), elikadura-zerbitzuan (jatetxeak, cateringa) eta txikizkako merkataritzan (supermerkatuak, dendak).
Hondakin-kopuru horren atzean inpaktu ekonomikoak eta ingurumenekoak daude. Datuen arabera, Europan urtero ekoizten den elikagaien xahuketak 132 mila milioi euroko merkatu-balioa du. Gainera, elikagaiak alferrik galtzeak ondorioak ditu berotegi-efektuko gasen isurketetan; izan ere, elikagaiak ekoizteko labore-lurrak eta ur gezako baliabideak eta ongarriak behar baitira.
Ikasleen artean arazo horri buruzko kontzientzia sortzeko, sentsibilizazio-kanpaina bat egingo da aste honetan hasi eta otsailaren erdialdera bitartean, parte hartu nahi duten ikastetxeetan ogiaren kontsumoa murrizteko. Era berean, Eskolako 2030 Agendaren ingurumen-hezkuntzako programaren barruan, ikasturte honetan eta hurrengoan, "Ekoizpen eta kontsumo arduratsua" 12. GJH landuko da, helburu hori zuzenean dagoelako lotuta elikagaiak alferrik galtzearekin, eta, xahuketa hori gehiegizko kontsumoaren beste zantzu bat da.
Ogia ezinbesteko elikagaia da, etxe gehienetan jaten den produktua, baina gehien kontsumitzen den elikagaietako bat izan arren, gehien botatzen dena ere bada. Eskoletan ere arazoa handia da. Ogia botatzea ohiko bihurtzen da eta jendeak normalizatu egiten du hori. Horregatik, kanpaina honen bidez, elikagaiak xahutzearen gaia landu ahal izango da ikastetxeetan, zehazki ogiaren kontsumoa murriztearen gaia. Horretarako, metakrilato gardeneko ontzi bat diseinatu da kontzientzia sortzeko pentsatuta dauden hainbat mezurekin. Ontzi hori 5 egunez jarriko da ikastetxe interesdunaren jantokian, ikasleek soberan dagoen ogia laga dezaten egunero. Horrela, egunero ikusi ahal izango dute ontzia ogiz betetzen; horrek lagunduko die ikasleei janaria ez botatzearen garrantziaz jabetzen, eta kontsumitu behar ez duten zati horri uko egiten. Egun horietan ontzian batu den ogia aprobetxatzeko, ogiari zer erabilera eman adostuko da aldez aurretik ikastetxetan.
Epe hori amaitutakoan, Zero Hondakin Fundazioaren bitartez, eta Debabarreneko Mankomunitatearen laguntzarekin, hitzaldi bat emango da ikastetxeetan bertan, lortutako emaitzei buruz hausnartzeko eta elikagaiak gutxiago xahutzen laguntzeko.
Kanpaina J.A Moguel ikastolan hasi da, zeina lehen ikastetxea izan da, halaber, Rexcatering proiektuan parte hartzen, alegia, jantokiko elikagai-soberakinak berreskuratu, eta herritar guztien eskura doan jartzea, Egogain Zentroaren kanpoaldean (frontoiaren ondoan) dagoen vending makinan (Zero Hondakin Hozkailua).
Kanpaina ibiltari hau ekimenarekin bat egiten duten ikastetxeetatik igaroko da. Oraingoz hiru ikastetxek eman dute izena : J .A Moguel Ikastola, Amaña ikastetxea eta La Salle Isasi ikastetxea.
Kanpaina honen bidez, bai eta Rexcatering proiektuaren eta azken urteotan antolatzen ari diren beste ekimen batzuen bidez ere (bigarren eskuko azokak, "Berrerabili eta Berrasmatu" tailerrak, ingurumen-hezitzaileekin udalerriko kaleetan zehar egiten diren kanpainak, etab.), Udalak jarraitu nahi du hondakinen prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko ekintzak antolatzen.
Kanpaina hau antolatzeko, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren dirulaguntza du.