Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hogei bat langabek amaitu dute formazioa Udalak antolatutako bi enplegu-programatan eta erdiak lan-munduan sartu dira

Artxiboko irudia.

Eibarko Udala.

2021/12/15

Programak Armeria Eskolako Elkartearekin lankidetzan egin dira eta soldadura eta fabrikazio mekanikoko arlokoak izan dira. Proiektuek, besteak beste, gaitasun profesionalei eta espezialitate bakoitzari buruzko prestakuntza eskaini dute eta baita enpresetan praktikak egiteko aukera ere.

Eibarren erroldatutako hogei bat langabetuk amaitu dute prestakuntza eta erdiek inguru lortu dute lan-merkatuan sartzea, Eibarko Udalak sustatutako prestakuntza- eta enplegu-programetako bi amaitu ondoren. Hain zuzen hauexek dira azken hilabeteotan egin diren programak: TIG soldadurako formakuntza, eta  makinen prestaketa eta txirbil-harroketa bidezko sistemen formakuntza.

Soldadura arloan enplegua sustatzeko programak barnean hartzen zituen gaitasun profesionalei buruzko prestakuntza, soldadurari buruzko prestakuntza, praktikak egitea enpresetan eta lan-munduan sartzeko laguntza.  Armeria Eskolaren Elkartearekin lankidetzan egin den programa honetan, hamahiru ikaslek amaitu zuten prestakuntza, horietatik hamaikak burutu zituzten enpresetako praktikak, eta bostek lortu dute lan-kontratua.

Programa horretan, gainera, 5 pertsonak soldatzailearen homologazio-ziurtagiri ofiziala lortzeko aukera izan dute; agiri hori oso baloratua izaten da sektoreko enpresetan, eta, ondorioz, ziurtagiriarekin laneratzeko aukera gehiago ematen du. 

Proiektu honi esker, % 46ko enplegagarritasuna lortu da, eta, gainera, ikasleetako batek atzerritartasun-egoera arautu ahal izan du.  Bestalde, ikasle batzuek (% 43) ez dute lortu lan-merkatuan sartzerik baina formazioan jarraitzen dute, eta datu hori ere oso positiboa da. 

Txirbil-harroketa bidezko makinak eta sistemak prestatzeko programan, Armeria Eskolako Elkartearekin batera garatua hori ere, honako gai hauei buruzko prestakuntza jaso da: gaitasun profesionalak, formazioa makinen, ekipoen eta erreminten prestakuntzan txirbil-harroketa bidezko mekanizazio-eragiketetan, laneratzeko laguntza eta praktikak enpresetan.

Hamalau ikaslek hasi zuten ikastaroa eta enpresetako praktikaldi-fasea hamarrek burutu zuten eta horietatik bost lan-merkatuan sartu dira. Hortaz, % 50eko enplegagarritasuna lortu da.  Bestalde, nahiz eta lanik ez aurkitu formazioan jarraitzen duten ikasleen datuak ere positiboak dira, % 50eko tasa baita. 

Bi programetan lortu diren enplegagarritasun-tasak oso onak dira, kontuan izanik, batetik, Covid-19ak sortu duen egoera, eta, bestetik, formazioan parte hartu duten pertsona gehienak gizarte-bazterketa arriskuan zeudela.

Programa hauek lortu dute parte-hartzaileen gaitasun teknikoak eta transbertsalak hobetzea, eta, horri esker, ikasleek gaitasun berriak eskuratu dituzte aurrerantzean lan-aukera hobeak izateko.