Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hogei auzotar baino gehiagok egin dute kontsulta, Txontako etxebizitzak zaharberritzeko diru-laguntzak direla-eta

Hogei auzotar baino gehiagok egin dute kontsulta, Txontako etxebizitzak zaharberritzeko diru-laguntzak direla-eta

Txontako bulegoa.

2018/10/15

Udalak auzoan bertan irailaren 21ean jarri duen informazio-bulegoak zita berriak dauzka hitzartuta datozen bi asteetarako.

Hogei pertsona baino gehiago joango dira Txontako etxebizitzak eraberritzeko diru-laguntzen informazio-bulegora, irailaren 21ean Udalak zerbitzu hori martxan jarri zuenetik. Zehatzago, 22 pertsona izan dira kontsulta egin dutenak, haietatik 17 diru-laguntza jaso dezaketen atarikoetako bizilagunak.

Orain arte, bulegotik pasatu diren auzotarrak 3, 15, 17, 25, 27, 36, 38, 40, 42 eta 44 zenbakiko pegoretakoak izan dira. Hurrengo bi asteetan, 29 eta 52 pegoretako bizilagunak pasako dira. Gainera, bi gestoria bertaratu dira, bata sei komunitateren izenean eta bestea komunitate bat ordezkatuz. Hurrengo bi asteetarako, bederatzi zita daude aurreikusita auzotarrekin.

Informazio-bulegora jotzen duten auzotar gehienek zerotik abiatzen dira, eta diru-laguntzen inguruko informazio guztia jasotzen dute. Beste batzuek, aldiz, adierazten dute bere garaian Udalak eman ziela informazioa edo beren komunitate-buruek diru-laguntzen inguruko informazioa eman dietela, baina laguntzak hain konplexuak izanik, beharrezkoa dela berriz ere zehatzago azaltzea. Eta banakako diru-laguntzei dagokienez, auzotar batzuek baldintzei buruz galdetzen dute, eta beste batzuek diote, programan ez direla sartzen jakitean (beren diru-sarrerengatik, esaterako), ez dutela informaziorik behar.

Azken asteotan bulegora joan diren gainerako bost lagunek egin dituzten kontsultek ez zeukaten zerikusirik zerbitzu honetan eskaintzen den lan-esparruarekin (auzoaren eraberritzea eta berroneratzea); hirigintza-kontuak ziren eta bulegotik udalaren Hirigintza sailera bideratu dira.

Informazio-bulegoa Txonta kaleko 3 zenbakiaren beheko solairuan dago; bertan beharrezkoa den aholkularitza eskaintzen da,  Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk auzoko 17 atariri eman zizkion 2,3 milioi euroko diru-laguntza bai jabekide-komunitateek bai Txontako auzotarrek eskuratu ahal dezaten: balizko onuradunak guztira 221 etxebizitza dira eta dagozkien lokal komertzialak.

Bulego hau 2019ko abendura arte egongo da zabalik, orduantxe amaitzen baita programa. Zerbitzu honekin, auzoko bizilagunek diru-laguntzen edukiaren inguruko informazioa eskura dezakete, baita kontratatzen doazen obra-exekuzio proiektuen inguruko edozein informazio ere. Txontako bulegoaren ordutegia astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara da, eta astelehenetik asteazkenera 16:00etatik 19:00etara. Gainera, bulegoak posta elektronikoko helbide bat du harremanetarako: txontabulegoa@eibar.eus.

Jon Iraola Hirigintzako zinegotzi eibartarrak modu positiboan baloratu ditu lehen aste hauetako emaitzak: “Txontako bulegoaren bidez, lortzen ari da auzoaren eraberritze-proiektua auzotarrei gerturatzea; eta balio du, gainera, diru-laguntzaren inguruko informazioa emateko eta hura kudeatzeko, proiektuan konfiantza sortzeko, eta haren inguruan egon zitezkeen zalantza edo erreparoak ezabatzeko”.

Diru-laguntza oinarrietan berariaz aurreikusitako jarduerak egitera bideratuko da; besteak beste, honako lan hauek: igogailuak jartzea, arrapalak egitea, etxebizitzen irisgarritasuna bermatuko duen beste edozein obra, eta eraikinaren estaldura hobetzea (fatxadak, teilatua, hegala…). Halaber, diru-laguntza energia-kontsumoa murrizteko borondatezko beste jarduera batzuk egiteko erabili ahalko da, esate baterako, galdara indibidualen ordez errendimendu altuko gas naturalekoak jartzea, eguzki-panel termikoen bidez ur beroa sortzeko sistemak instalatzea, edo berokuntza-sistemak eta ur beroaren sistema zentralizatua biomasa-galdararekin edo energia berriztagarriekiko beste sistema batzuk jartzea. Azkenik, diru-laguntzak ere balioko du laguntza gehigarriak emateko baliabide ekonomiko urriak dituzten auzoko bizilagunei.

Gogorarazi nahi da, halaber, diru-laguntza hau bateragarria dela, beste batzuen artean, Eibarko Udalak berak irisgarritasunaren eta fatxada-eraberritzearen arloan ematen duenarekin.