Hirugarren aldiz harrapatu dute 'Shok' grafitigilea pintadak egiten Arratebidean eta Ardantzan

Hirugarren aldiz harrapatu dute 'Shok' grafitigilea pintadak egiten Arratebidean eta Ardantzan

'Shok' grafitigilearen pintada.

2019/06/07

Identifikazioa maiatzaren 26ko gauean egin zen, herritar batek Udaltzaingora deitu ostean. Espediente berri bat jarriko da martxan, izapidetzen ari direnei gehituko zaiena, eta handitu egingo dira zigorrak pintadak sarritan egiteagatik.

`Shok´ grafitigilea berriz ere harrapatu eta identifikatu du Eibarko Udaltzaingoak, maiatzaren 26ko gauean pintadak egiten ari zela. Gertaerak egun horretan hasi ziren, 3:35ean, Udaltzaingoak herritar baten deia jaso zuenean jakinaraziz hiru pertsona pintadak egiten ari zirela Arratebideko horma batean, zehatzago, San Andresetik Legarrera doan pasabideko garajeen panel metalikoan.

Agenteak iristean, hiru grafitigileek Legarren aldera ihes egin zuten. Geroxeago, beste dei bat jaso zuten esanez pertsona horiek Mekolara zihoazela. Udaltzainek haietako bat, `Shok´ izenekoa, lokalizatu eta identifikatu ondoren, egiaztatu zuten lau spray pote zeramatzala aldean. Beste biek ihes egin zuten. Gainera, udaltzainek egiaztatu zuten pintadak egin zituztela Ardantza inguruan.

Hirugarren aldia da denbora gutxian pintadak egiten ari dela `Shok´ grafitigilea identifikatzen dutela. Zentzu horretan, Udalak azpimarratu nahi izan du Udaltzaingoak pintaden egileak lokalizatzeko egiten duen lana, bai eta herritarren parte hartzea ere gertaeren berri emateko. “Arazo larria izanik, Udalak lanean jarraitzen du, ahal duen neurrian, halako egoerei aurre egiteko”, adierazi dute udal arduradunek.

Duela hilabete batzuk `Shok´ lehen aldiz identifikatu ostean, Udalak espediente bat ireki zuen eta pintaden egileari zigor ekonomiko bat jarri zitzaion. Bigarren aldiz identifikatu ondoren, beste espediente bat zabaldu zen; hormetan eragindako kalteen balorazio bat egin da eta orain beste zigor bat jartzeko zain daude. Hirugarren aldiz `ezustean´ harrapatzean, espediente berri bat jarriko da martxan kalteak baloratu ahal izateko. Zigorrak gero eta handiagoak izango dira, berrerortze-astungarriaren printzipioa aplikatzen delako.