Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hijos de Gabilondoren partzela birgaitzeko aurreproiektua aurkeztu du Udalak

Jon Iraola alkatea eta Ana Telleria, Ogasuneko zinegotzia.

Jon Iraola alkatea eta Ana Telleria, Ogasuneko zinegotzia.

2023/09/12

Aurreproiektua astearte honetan aurkeztu da Hirigintza Batzordean eta Urkizu-Barrena aldeari gune berri bat eskaini nahi dio, jarduera ekonomiko eta soziokulturalak garatzeko eta aisialdirako; aldi berean, balioan jarri nahi du azpiegituraren ondare-izaera. Eraikina 1938ko jatorrizko konfigurazioari eutsiz birgaituko da eta geroago egin ziren alboetako anpliazioak eraitsi egingo dira. Horri esker, espaloiak zabaldu, berdeguneak jarri eta aparkaleku berriak sortu ahal izango dira, besteak beste. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzak 5 milioiko dirulaguntza eman zion duela hilabete batzuk Udalari proiektu hau gauzatzeko.

Eibarko Udalak astearte honetan aurkeztu du Udalaren Hirigintza Batzordean Hijos de Gabilondoren partzela –Barakaldo eta Barrena kaleen elkargunean kokatua eta duela hilabete batzuk eskuratutakoa– birgaitzeko aurreproiektua.

Aurkeztutako aurreproiektuaren arabera, egin nahi den jarduketaren aurrekontua 7´5 milioi euro ingurukoa izango da gutxi gorabehera. Zenbateko hori dagokion exekuzio-proiektua —aurki aterako dena lizitaziora— amaitutakoan finkatuko da.

Jarduerak, zeinaren egikaritze-epea 2025eko abendua den,  hiriaren ekialdea eta kale hori  berroneratzeko apustuaren parte izanik, Urkizu-Barrena aldeko premiei erantzun nahi die, espazio publiko berriak eta ezberdinak sortuz eta hiri-antolamenduko lurralde- eta udal-planen lerro estrategikoekin bat etorriz.

Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Eibarko Udaleko Ekonomia eta Hirigintzako zinegotziak aurkeztu dute aurreproiektua, eta horren garrantzia azpimarratu du Iraolak.  “Gobernu-taldearen helburu nagusietako bat hiriaren ekialdea biziberritzea eta modernizatzea da. Horretarako, funtsezkoa da Barrena kalea biziberritzea, eta gaur aurkeztu duguna funtsezko lehen urratsa da. Aurreproiektua bat dator gune honetarako bilatzen dugunarekin: berroneratze bat nahi dugu jarduera ekonomikoa erakartzean oinarritutakoa, funtzio anitzeko espazioekin —bai Barrena kalean bertan, bai eraikinaren estalkian— eta jolas- eta aisialdi-eremuekin konbinatua.”

«Nahi duguna da Urkizu-Barrena aldean zentralitate berri bat sortzea, hirigunearen desindustrializazioan aurrera egitea eta bizilagunei espazio publiko zabalagoa eta berdeagoa izateko aukera ematea», azaldu du alkateak.

1938ko etxebizitza-eraikina birgaitu eta ondoren egin ziren albo-handitzeak bota egingo dira, eraikinaren jatorrizko konfigurazioari eutsiz. Horrek aukera emango du espaloia zabaltzeko, aparkaleku berri bat egiteko —obra gauzatzean kendu behar direnak konpentsatzeko—, eta, gainera, adierazi den bezala, funtzio anitzeko espazioak eta jolaserako eta aisialdirako guneak egiteko, bai Barrena kalean bertan, bai eraikinaren estalkian.

Eraikin nagusiak, hala, protagonismoa berreskuratuko du jatorrizko egoerara itzulita, eta jarduera ekonomiko eta soziokulturaletarako, eta aisialdirako espazioak eskainiko ditu. Eta, hain zuzen, espazio horiei edukia emateko lanean ari dira.

Eraikinaren alboetako anpliazioak eraitsi egingo dira, aukera emanez gune publiko berriak, eta trafikotik aldendutako aisialdirako espazioak sortzeko.

Ekialdeko gunean aparkaleku berri bat egingo da, gaur egun Barrena kalean, eraikinaren aurrean, aparkatzen duten autoak hartuko dituena; horrek espaloia handitzea ahalbidetuko du.  Mendebaldeko gunean egoteko espazio moderno eta erakargarria egingo da, diseinu eta konfigurazio modernoekin, eraikinerako eta estalkirako sarbidean. Bertan, aisialdirako gune bat sortuko da, gazteentzako kirol- eta entretenimendu-ekipamenduak izango dituena.

Hijos de Gabilondoren birgaitzeak  hiri-ehuna berroneratzen eta jarduera ekonomikoa indartzen lagunduko du, hiriaren ekialdea biziberritzeko eta, oro har, bizigarriagoa eta atseginagoa den udalerri bat izateko aurrerapauso garrantzitsu bat emanez.  

Azkenik, azpimarratu behar da Eibarko Udalak 5 milioi euro inguruko dirulaguntza jaso duela Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzaren eskutik.