Eibarko Udala
Eibar Ospitalea

Herriko ospitalean dentsitometria-zerbitzua jartzeko eskaera egin du Jon Iraola Eibarko alkateak

2025/02/06
Artxiboko irudia. Eibar Ospitalea.
Artxiboko irudia. Eibar Ospitalea.

Eibartarrek denbora luzea daramate zerbitzua eskatzen

Jon Iraola Eibarko alkateak eskaera formala egin dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari Eibarko Ospitalean dentsitometria-zerbitzua jartzeko. Helburua Debabarreneko bizilagunen osasun-arreta hobetzea da. Zerbitzu honen bidez, eibartarren etengabeko eskaera bati erantzun nahi zaio. Izan ere, gaur egun Donostiara joan behar da proba hori egitera, erreferentzia-zentroa hiriburuko Gros auzoan dago-eta.

Dentsitometria proba diagnostiko bat da, hezurren dentsitate minerala neurtzeko aukera ematen duena; funtsezkoa da hezurren osasuna ebaluatzeko eta osteoporosia eta gisa horretako gaixotasunak detektatzeko. Ekipo espezializatu baten bidez egiten da: dentsitometria-makina. Gailuak erradiazio-dosi txikiak erabiltzen ditu hezurrak eskaneatzeko, batez ere bizkarrezurra eta aldakak;  emaitzak zehatzak eta azkarrak izaten dira.

Osasun-agintariei zuzendutako eskutitzean, alkateak adierazi du urtean Debabarrena ESIko 1.000 lagun inguruk behar izaten dutela honelako proba diagnostikoa. Hiriburura joatea, pazienteentzat deserosoa izateaz gain, zerbitzua jasotzeko itxaron-zerrenda luzatzeko modua ere bada. 

“Uste dugu zerbitzu hau Eibarko Ospitalean jartzeak lekualdatzeak eragindako oztopoak arindu ez ezik, Osakidetzak herritarrei eskaintzen dien osasun-arreta ere nabarmen hobetuko lukeela”, adierazi du.

Udalak agintari eskudunei eskatu die proposamen honen bideragarritasuna azter dezatela, segurua baita Eibarko herritarrek eta Debabarreneko ESI osoak harrera ona egingo diotela.

Ekimen hau, esan bezala, eibartarrek behin eta berriro egin duten eskaera bati erantzun zuzena ematera dator.