HELDU! ekintzaile berritzaileen programaren lehen edizioak oso emaitza onak izan ditu
HELDU! programaren lehen edizioa Eibarko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatu eta diseinatu du, Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, Eibarren izaera berritzailea duten ideia edota negozio-ildo berriak aztertu eta baliozkotzeko. Programak oso emaitza onak izan ditu.
Joan den irailetik, eta ia lau hilabetez, 9 ekintzailek jardun dute lanean Debegesako instalazioetan, Udalak abian jarritako enpresa-inkubagailu berrian, aldez aurretik programan parte hartzeko hautatuak izan ziren izaera berritzaileko sei proiektutan.
Lanaren emaitzak aste honetan eman dira ezagutzera, abenduaren 19an Debegesako instalazioetan egin zen pitch day-aren barruan. Itxiera-ekitaldi horretan, 6 proiektuetatik 5 aurkeztu ziren, besteak beste, ingeniaritzako aholkularitzan, ingurumen-kudeaketan, energian, lean manufacturing-ean edo armagintzan oinarrituak daudenak.
Ekintzaileek Debegesako teknikarien eta kanpoko aholkulari adituen laguntzarekin garatu dituzte beren ideiak, eta horrek aukera eman die beren proiektuei forma emateko eta horiek zehazteko beharrezkoak diren baliabideak eta tresnak izateko, bai eta berrikuntzan oinarritutako komunitate ekintzaile bat sortzeko espazio egoki bat izateko ere.
Programaren amaieran, inplikatutako eragile guztiek oso balorazio positiboa egin dute lehen esperientzia horri buruz, eta, beraz, Udalak erabaki du 2023an ere programaren edizio berri bat abian jartzea.
Ildo horretan, Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “Frogatu da hilabete hauetan ekintzaileen, teknikarien eta aholkularien artean koordinatuta egindako lan honek aukera eman duela programan aurkeztutako ideiei forma emateko, birpentsatzeko eta abiarazteko moduan jartzeko, eta seguru nago lagunduko dutela Eibarko eta eskualdeko industria sendotzen.”
Ildo beretik, Braulio Villalonek, parte hartu duten ekintzaileetako batek, hauxe adierazi du: “HELDU!-k gure lekuan jarri gaitu onerako eta txarrerako, gerta daitezkeen egoerak erakutsi dizkigu eta begiak ireki dizkigu landu ditugun esparruetan.
HELDU! programa Eibarren enpresa-jarduera berriak sortzeko helburuarekin jaio zen, gero eta konplexuagoa eta globalagoa den merkatu batean herriko eta eskualdeko ehun ekonomikoa eta lurraldeko lehiakortasuna indartzen laguntzeko. Horregatik, programaren helburua da ideia edo proiektu bat duten pertsonek beharrezkoak diren tresnak eskura edukitzea, egitasmoa gauzatu eta ekintzailetzarako pausoa emateko.
Ekimena planteatzerakoan, Eibarko Udalak eta Debegesak hainbat jarduera-ildo lehenetsi dituzte eskualdearen benetako beharrei erantzuten saiatzeko, kontuan izanik bai egungo ekoizpen- eta ekonomia-ehunaren ezaugarriak, bai hemengo zein mundu mailako etorkizuneko erronkak.
Horren haritik, hauexek dira zehaztu diren lehentasunezko arloak: doitasun-ingeniaritza, industriari lotutako zerbitzuak, 4.0 industria, klima-aldaketa eta energia jasangarria, kirolari aplikatutako teknologiak, eta berritzailetzat jotzen den eta Eibarren gara daitekeen beste edozein ideia.
Sei proiektuak hautatu ondoren, laguntza-prozesua abenduaren erdialdera arte luzatu da, eta Debegesako teknikariek koordinatu dute. Parte-hartzaileek 100 ordu baino gehiago jaso dituzte, formazio espezializatuan, adituen aholkularitzan eta tutoretza pertsonalizatuan. Aholkulari-taldea osatzen duten pertsonek eta aholkulariek esperientzia handia dute bai ezagutza-arloan, bai enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.
Programa guztiz praktikoa izan da, berariaz diseinatua hasierako fasean dauden (pre-seed) eta aztertu ondoren martxan jartzeko laguntza behar duten proiektuetarako. Saioetan, parte-hartzaileen negozio-ideiak baliozkotzeko eta garatzeko beharrezkoak diren gai guztiak landu dira. Hauexek dira horietako batzuk: negozio-ideia definitzea, proiektuaren komunikazioa, egitasmoa abian jartzeko beharrezko alderdi guztiak (baliozkotzea, estrategia, finantza-plana, marketin- eta salmenta-plana, ekipoak eta pertsonak, eta legezko alderdiak).