Haur eta nerabeen artean mugikorren eta pantailen erabilera arduratsua sustatzeko ekimenak jarri dira martxan Eibarren
"Altxau burua" taldeak Eibarko udalarekin batera, hainbat ekimen aurkeztu ditu haur eta nerabeen artean mugikorren eta pantaila digitalen erabilera arduratsua sustatzeko. Gai honek gizartean gero eta kezka handiagoa sortzen duela ikusita, proiektuak osotasunean heldu nahi dio, eta, era berean, erantzunak eman bai epe motzera, bai luzera. Helburu nagusia adingabeen garapen osasungarria bermatzea da, teknologiaren erabilera kontrolatua eta kontzientea sustatuz.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “honelako ekimenak funtsezkoak dira gure gazteen ongizaterako eta garapen osasungarrirako. Gizarte gisa, gure seme-alabak teknologiaren erabilera kontziente eta seguruan gidatzeko ardura dugu, eta “Altxau burua” urrats garrantzitsua da norabide horretan”. Gainera, “ikusten ari gara gailuen erabilera goiztiarrak eta kontrolik gabeak eragina izan dezakeela gure harremanetan, osasunean eta kontzentratzeko gaitasunean. Gure gazteak aberasgarriak izango zaizkien tresnaz inguratuta haztea nahi dugu, ez menderatuko dituzten gailuz inguratuta”.
"Altxa burua Eibar" taldea haur eta nerabeen artean gailu digitalak erabiltzeak eragindako arazoei aurre egiteko sortu da, bereziki pantailen erabilera goiztiarrak garunaren garapenean izan ditzakeen ondorio negatiboak direla-eta. Neurologoen arabera, 16 urtera arte, nerabeek ez dute gailu horiek egoki erabiltzeko behar den heldutasuna, eta, beraz, adin hori izan arte kontrola funtsezkoa dela azpimarratzen dute. Teknologiarekiko mendekotasuna prebenitzea era bada taldearen helburua; izan ere, gehiegizko erabilerak arriskuak ekar ditzake, hala nola ziberjazarpena eta gazteak euren artean erlazionatzeko arazoak.
Eibarko proiektua "Altxa Burua Gipuzkoa" ekimenaren parte da, zeinak Gipuzkoako 45 herritako ordezkariak bildu eta erkidego bakoitzaren beharretara egokitutako ekintzak bultzatzen dituen.
Hainbat dira proiektua abiatu zenetik egin diren ekimenak, besteak beste:
- J.A Mogel ikastetxea (Iturburu). Familia askok sinatu dute 12 urtera arte adingabeei mugikorrik ez emateko konpromisoa, eta zenbait adituk ikasleekin eta familiekin gaiaren inguruko sentsibilizazioa landu dute.
- San Andres eta Aldatze ikastetxeak. Familiei galdeketak bidali zaizkie, haien egoeraren eta iritzien berri izateko.
- Komunikazio-bide berriak. Instagramen kontu bat sortu da herritarrak informatzeko. Horrez gain, taldearen berri ematen duen artikulu bat argitaratu da "Eta kitto" aldizkarian.
- Elkarlana kirol-taldeekin. Kirol-taldeetako arduradunei “Teknikoen Dekalogoa” dokumentua bidali zaie, horretan oinarrituta gazteen artean teknologiaren erabilera arduratsua bultza dezaten.
- Herriko lokalekin egindako kanpaina. Dendarien Elkartearekin elkarlanean “Gurea erabili zeinke” kanpaina abiarazi da, dendetan horren berri emango duten pegatinak jarrita.
- Proiektuaren helburu nagusia da Eibarko nerabeek telefono mugikorra ahalik eta beranduen eskuratzea, eta, bestalde, erabiltzen hasi aurretik modu arduratsuan eta kontzientean jokatzen irakastea.