Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasi dira Asfaltatze Planaren lanak; 5.000 metro koadro berriztuko dira herriko zazpi kaletan

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/05/19

Toki hauetan egingo dira asfaltatze-lanak datozen hilabeteotan: Santa Ines, Jardiñeta, Iparragirre, Eibarko Txikito, Matxaria, Urki eta Tiburtzio Anitua. Eibarko Udalak Orsa SA enpresari adjudikatu zizkion lanak duela hilabete batzuk. Aurrekontua 173.697,73 eurokoa da eta egikaritze-epea 7 astekoa.

Gaur hasi dira asfaltatze-lanak Eibarko zazpi kaletan; jarduketa honen bidez 5.000 metro kuadro ingururen zorua hobetuko da. Asfaltatze Plan berria urtarrilean adjudikatu zitzaion Orsa SA enpresari 173.697,73 euroan (BEZa barne) eta 7 asteko egikaritze-epearekin.

Asfaltatze-lanak kale hauetan egingo dira: Santa Ines, Jardiñeta eta Iparrgirre kaleetako zati batzuetan; Eibarko Txikito kale osoan; Ibargain eta Matxaria arteko kalezuloan; eta iaz asfaltatu gabe geratu zen Urkiko zati txiki batean. Gainera, Tiburtzio Anituan koexistentzia-guneetako bat handituko da.

Lanak Ibargaineko kalezuloan hasiko dira eta bi egunez jardungo dute bertan. Ostiralean, hilak 20, ekingo diote Santa Ines kaleari Otaolako bidegurutzetik aurrera eta hilaren 24an amaituko dira. Ipuruako Kiroldegiaren aurrean ere jardungo dute.  Hilaren 24an Urki kaleko zati txiki batean esku hartuko da.  Hurrengo egunean Eibarko Txikito kalea osorik asfaltatuko da. Iparragirre (11 eta 12 zenbakien artean) kaleko lanak hilaren 25ean hasi eta 27an amaituko dira.  

Jardiñeta kalean, saihesbideko irteeratik 22 zenbakiraino, hilaren 29an hasiko dira eta ekainaren 1ean amaitu. Leku horretatik ibilgailu asko igarotzen direnez, asfaltatzeak gauez egingo dira, 22:00etatik 6.00etara; ordutegi-tarte horretan ibilgailuak ezingo dira kalean sartu.

Eta, azkenik, Tiburtzio Anitua kalean jarduketa espezifiko bat egingo da. Egun, 1, 2 eta 3 zenbakien arteko zatia koexistentziakoa da, eta, orain, eremu hori 7 zenbakiaren ondoko eskailera mekanikoetaraino luzatu nahi da. Hala, galtzada eta espaloia kota berean geratuko dira eta zoru eta azalera bera izango dute bai espaloian bai galtzadan. Obren egutegiari dagokionez, datorren astelehenean, hilak 23, hasiko dira obra zibileko lanak, eta behin horiek amaituta, asfaltatzeari ekingo zaio. Obra handia denez, lanek hilabete iraungo dute gutxi gorabehera.

Asfaltatze-lanekin batera, kutxatilak egokituko dira, zebra-bideak, irlatxoak eta trafiko-seinaleak pintatu, abiadura murrizteko bandak, halakorik balego, berriztu, eta hondatutako ezpondak konponduko dira.

Bien bitartean, ahaleginak egingo dira eragindako zerbitzuen funtzionamendua eta oinezkoen eta ibilgailuen igarobidea bermatzeko. Hala ere, une batzuetan, trafikoa desbideratu beharko da.